Presoen egoera hizpide, sei herritarren ahotan

Uztarria.eus 2017ko mai. 16a, 11:43

Zer salatzen dugu? mahai ingurua izan zen atzo, hilak 15, Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Sarek antolatutako Salatzen Dut Hilabetearen barruan. Presoen egoeraz ordu eta erdi inguruz (19:30ean hasita) aritu ziren solasean eremu edo lanbide ezberdinetako sei herritar: Gotzon Aranburu azpeitiar presoaren senide den Ainhoa Aranburu, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, EAJko bozeramaile Aitor Gorrotxategi, Marije Bernaras medikua, Izar Arregi psikologoa eta Haritz Arakistain Sareko kidea. Bakoitzak egoeraren inguruan egiten duen hausnarketa azaldu zuen, dozenaka herritarren begiradapean. Saioa gidatzeaz Laxaro Azkune arduratu zen. Azpeitiko Sareren hitzetan, "mahai inguruaren xedea zen presoen egoeraz herritar ezberdinek dituzten iritziak zein adostasunak azpimarratzea, eta horietatik abiatuta lanean hasteko aurreneko urratsak egitea".

Solasaldiaren kronika osatua bihar izango da irakurgai Urola Kostako Hitza egunkarian.