Emakumeen arteko kirol erronka, ikasturteari bukaera emateko ekintzen artean

Uztarria.eus 2017ko mai. 15a, 18:34

Maiatzaren 27an ospatuko dute Emakumeen Jabetze Eskoletako ikasturte amaierako jaialdia. Aurtengoan, jaialdiaz gain beste hainbat ekintza antolatu dituzte egun horretarako, bertso-pilota saioa eta emakumeen arteko kirol erronka kasu.

Emakumeen Jabetze Eskoletako ikasturte amaierako jaialdia hilaren 27an izango da aurtengoan, baina jaialdia ez ezik, egongo da zer egin eta zertaz gozatu egun horretan. Izan ere, Emakumeen Txokoaren bosgarren urteurrenaren aitzakian, egitarau oparoa prestatu dute ikasturteari amaiera emateko.

Emakumeen Mahaiak adierazi duenez, "jabetze eskolek harrera oso ona izan dute emakumeen artean aurtengoan ere; emakumeen errealitatera ikuspegi feminista batetik hurbildu, eta maila pertsonal zein kolektiboan aurrerapausoak emateko tresna egokia direla baieztatu da". Horrez gain, Emakumeen Txokoak 5 urte bete dituenean," indarberrituta eta proposamen berriekin" etorri dela nabarmendu dute: "Espazio honek, elkar ezagutzeko, harremanak egin eta sendotzeko, barre egin eta protagonista izateko edo barre eginez protagonista izateko, zainduak izateko gorputza askatzen dugun bitartean... hori guztia gauzatzeko aukera eskaintzen du". Bestalde, "herritar guztiei irekita" dagoen espazioa dela azpimarratu dute.

Emakumeak kirolera eta plazara

Berrikuntza eta berezitasun bezala, hainbat herritako emakumeen arte kirol erronka antolatu dute hilaren 27rako. Antolatzaileek azaldu dutenez, "egitasmoak emakumeak kirolaren esparruan egiten ari diren ekimenak plazaratzeko aukera izan nahi du. Kirolean aritzeko aukerak zabaldu nahi dira, eta aukera horiei plaza bat eskaini".

Erronkan parte hartuko dute, besteak beste, Azpeitiko emakumeek, Hazparnekoek eta Arrasatekoek. Azpeitiko taldean aritu nahi duten lagunek, izena eman dezakete oraindik, Emakumeen Txokoan edo Udaleko Parekidetasun Sailean. 

Behin kirol erronka amaitutakoan, bazkaria egingo dute Sanagustin kulturgunean, eta bertaratu nahi dutenek txartelak erosi beharko dituzte aurrez. Emakumeen Txokoan, Parekideasun Sailean edota kulturgunean bertan eskuratu daitezke txartelak, 20 euro ordainduta. Antolatzaileek azaldu dutenez, "ikasleek zein zailtasun ekonomikoak dituztenei 10 eurotako prezio berezia egingo zaie".

Honakoa da maiatzaren 27rako antolatu duten egitaraua:

10:30etan: Emakumeen Txokoko logo berrituaren aurkezpena.

11:00etan, Bertso-pilota saioa Frontoi Txikian.

Patri Espinar eta Alaitz Badiola; eta Madi Mendizabal eta Eneritz Arrieta.
Botillero lanetan eta bertsotan ariko dira, urrenez urren, Iratxe Ibarra eta Andoni Egaña.

12:30ean: Emakumeen arteko herri-kirol erronka, plazan. Herri ezberdinetako emakumeak parte-hartuko dute.

14:00etan: Bazkaria, Sanagustinen.