'Azpeitibizi' ataria sortu du Udalak, euskara eta herritarrak erdigunean jarrita

Uztarria.eus 2017ko mai. 12a, 14:11
Atzo aurkeztu zuten 'Azpeitibizi' Sanagustin kulturgunean. (Azpeitiko Udala)

Turismoa erakartzea da egitasmoaren xedea, herriaren izaera oinarri hartuta. Webgunea eta eskuko telefonoetarako APPa sortu dituzte.

Euskara eta herritarrak erdigunean jarrita, www.azpeitibizi.eus webgunea eta eskuko telefonoetarako APPa sortu ditu Azpeitiko Udalak. Turismoa erakartzea da proiektuaren helburua, baina herriaren izaera oinarri hartuta.

Sei atal ditu webguneak: azpeitiarrek herria bizi zerk egiten duen kontatzen duten bideoak; Azpeitiren ondarea jasotzen duten postal literarioak; Azpeitian eta bere inguruetan egin daitezkeen ibilbideak; lo egiteko, jateko zein edateko ostatuak; merkataritza guneak; eta oinarrizko zerbitzuak.

Proiektuaren bidez, ohiko informazioa bildu dute, baina modu "berezi" batean. Izan ere, 21 azpeitiarrek parte hartu dute herria bizi zerk egiten duen kontatzen duten bideoetan: besteak beste, Nerea Uranga eta Enekoitz Esnaola kazetariek, Joanes Otamendi Ilunpe pilota elkarteko kideak, Laxaro Azkune Erniarraitz bertsozale elkarteko kideak… Postal literarioetako testuak, berriz, Koldo Izagirrek eta Xabier Gantzarainek idatzi dituzte.

Azpeitiarrak eta euskara

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera, "Azpeitian beti dago zerbait, oso herri dinamikoa da". Eta proiketuaren bidez, hori jaso nahi izan dute, hain justu: "Kultura eta euskara arloan oso herri bizia gara, bisitariak eskuzabal hartzen ditugu, badakigu lan egiten eta festak bizitzen. Azpeiti da festen herria, langileen herria, historiaren herria, 1776an matxinatu zen herria…".

Turismo "bizia" sortu nahi dute, eta, helburu hori lortzeko, azpeitiarrak jarri dituzte erdigunean. Etxeberriaren esanetan, "azpeitiarrak dira Azpeitiren gauzarik ederrena", eta hori da webgunearen bidez adierazi nahi dutena. "Turismoa bultzatu nahi dugu, baina ez turismo masifikatua, gure herria eta herritarrak saltzen dituena baizik. Kultura, kirol… aldetik gauza asko daude bisitatzeko eta bizitzeko Azpeitian, eta kanpoan gu ezagutarazteko komertzial onenak herritarrak dira".

Horrekin batera, euskara da proiektuaren beste ardatza: "Hemen badago kultura bat euskarari oso lotua. Gure neurriko munduko herri euskaldunena izango da Azpeitia”, azaldu du Etxeberriak. Eta, hain zuzen, bisitariak erakartzeko, euskarari balioa eman nahi izan diote.

Turismo eredu propioa bultzatzea da egitasmoaren helburua, alkatearen esanetan: "Gure ekonomiaren indargune ere izan daiteke turismoa, eta horrela izan dadin ari gara lanean azken urteotan”. Haren arabera, indargune ekonomiko bihurtu nahi dute Azpeitia, "herritarrek ematen duten aukera" aprobetxatuta.