'Z, la ciudad perdida' filma izango da ikusgai datozen egunetan, Soreasun

Uztarria.eus 2017ko mai. 12a, 11:17

Asteburua iristearekin batera dator zine eskaintza ere. Datorren asteburuan Z, la ciudad perdida filma izango da ikusgai Soreasu antzokian. Bihar, zapatua, emango dute aurrenezkoz Z, la ciudad perdida, 22:00etan hasita. Igandean, berriz, 19:30ean emango dute filma, eta astelehenean, 21:30ean. Aste honetan ez da egongo umeei zuzendutako filmik. 

Z, la ciudad perdida abentura generoko filma da (140 min). Mendeetan, europearrek eztabaida asko izan zituzten Amazoniako oihanean antzinako zibilizazio bat ba ote den galdetuz. XX. mende hasieran, Percy Fawcett britainiarrak hainbat espediziotan hartu zuen parte, hiri galdu hori aurkitzeko esperantzarekin. Gizaki asko eta askok saiakera horretan bizia galdu izan zuten. 1925ean, Fawcett desagertu egin zen oihanean, haren bila ondoren joandako espedizio guztiak bezala.