Klima aldaketaz landu dituztenak aurkeztu dizkiote Udalari herriko ikasleek

Uztarria.eus 2017ko mai. 11a, 20:30

Ikasturte amaiera gerturatzean ari den honetan, urtero egin ohi duten bezala, Agenda 21 egitasmoan parte hartzen duten herriko ikastetxeetako ikasleak udaletxean izan dira, gaur, osteguna. Bertan, Eneko Etxeberria alkateari eta Aitor Bereziartua zinegotziari ikasturtean zehar klima aldaketa gai hartuta landu dutenaren, ateratako ondorioen eta proposamenen berri eman diete. Lehen Hezkuntzatik Batxilergorainorako ikasleek hartu dute parte egitasmoan. 

Ikasleek udaletxera egindako bisitan Ideia Lehiaketako irabazleak ere jakinarazi ditu epaimahaiak . Maila guztietako ikasleek izaten dute lanak aurkezteko aukera, baina bigarren urtez jarraian, Lehen Hezkuntzako ikasleek soilik aurkeztu dituzte lanak. Guztira, 15 proiektu aurkeztu dira, eta epaimahaiak azaldu duenez, "zaila" izan da sarituak aukeratzea. Azkenean Iraurgi Ikastetxeko 3A gelako gaztetxoak izan dira saridunak, eta gaur bertan jaso dute Urbaibaira egiteko txangoaren diploma. 

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)