Ekitaldi bat egingo dute Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Egunean plazan

Uztarria.eus 2017ko mai. 11a, 16:32
‘Naizena naizela, maitatua!’ egitasmoa antolatu duten eragileetako kideak. (Julene Frantzesena)

'Naizena naizela, maitatua!' egitasmoa prestatu dute herriko ikastetxeek, udalak eta Harremanitz kooperatibak datorren asteazken eguerdirako. 12:45ean hasiko den ekitaldiarekin "norbera den bezalakoa izateko askatasunaren aldeko aldarria" egin nahi dutela adierazi dute haren antolatzaileek.

Naizena naizela, maitatua! izenburupean, hilaren 17rako, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Munduko Egunerako, egitasmo berezi bat prestatu dute herriko ikastetxeetako, Azpeitiko Udaleko Gazteria eta Parekidetasun sailetako eta Arremanitz kooperatibako kideek. Hain zuzen ere, Azpeitiko Ikasberri Ikastolako, Iraurgi Ikastetxeko, Kamerlo Etxegarai Ikastolako eta Urola Ikastolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak herriko plazan bilduko dira datorren asteazkenean 12:45ean, eta, aurrena, bakarrizketak egingo dituzte ikasleek. Ondoren, ostadar koloreko bandera eskegiko dute udaletxeko balkoian. Segidan, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazpen instituzionala irakurriko du. Ekitaldiaren leloa, Naizena naizela, maitatua! oihukatuta emango diote bukaera ekitaldiari plazan biltzen direnek. Egitasmoaren sustatzaileek herritarrei dei egin diete asteazkenean plazara bertara daitezen.

Egitasmoarekin "norbera den bezalakoa izateko askatasunaren aldeko aldarria" egin nahi dutela adierazi dute egitasmoaren antolatzaileek. Munduko Osasunaren Erakundeak (OMS), duela 27 urte, homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu izana aldarrikatuko da egun horretan mundu osoan, eta Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko zinegotziak esan du homofobiaren eta transfobiaren aurrean egiteko dagoen lana "gogorarazteko" ere balio duela egunak. "Homosexualitatearen eta transexualitatearen errealitateak gure jendartean ikusarazten hasiak badira ere, homosexual edo transexual izatea errealitate gogorra da oraindik ere haur eta gaztetxo askorentzat", azaldu du. Goenagak hainbat datu ekarri du gogora, indarkeria homofoak eta transfoboak eskola garaian duen indarra zer-nolakoa den adierazteko: "Euskal gazteen artean egindako ikerketek erakusten dute homosexualekiko eta transexualekiko aurreiritzi negatiboak oso zabalduta daudela oraindik ere; gazte homosexual gehienek onartzen dute eskolan jazarpena jasotzen dutela, eta gertuko inguruan, familian, lagun artean… nahikoa babes ez dutela jasotzen; haur eta gazte transexualek beren buruaz beste egiteko saiakera tasa bere adineko gainerako haurrena eta gazteena baino zortzi aldiz handiagoa da, eta hiru aldiz handiagoa haur eta gazte homosexualen kasuan; eta haur homosexual eta transexualek sexu-gehiegikeriak jasotzeko arrisku handiagoa dute".

Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko zinegotziaren arabera, garrantzitsua da homofobiak eta transfobiak "guztiongan" duen eraginaz jabetzea. "Homofobiak zigortzen eta debekatzen du gure seme-alabek, bereziki mutilek, nahi duten jostailua, nahi duten kirola edo nahi duten laguna aukeratzea, maricon edo marimutil bezalako irainen mehatxupean". Hark azaldu du Naizena naizela, maitatua egitasmoarekin "guztiok desberdinak garela” aldarrikatu nahi dutela. "Guztiok gara bakarrak mundu honetan, eta garen modukoak izanda, maitatuak izatea merezi dugu, izan homosexual, transexual, gonak jantzi...".