EH Bildu "irekiagoa, parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa" izateko konpromisoa hartu dute Azpeitiko Sortuk eta EAk

Uztarria.eus 2017ko mai. 11a, 16:58

Bi alderdien helburua da "EH Bilduren eraginkortasuna eta aniztasuna indartzea". Lau indar politikoren koalizioa izateari utzi, eta "ideia eta proiektu berriak izan nahiz alderdi jakin bati lotuta egon behar izango ez duten pertsona eta sektore independenteak ere barnean hartzen dituen subjektu politikoa" izatera igaro nahi dute. Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko foroa egingo dute bihar Azkoitian, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete. 

EH Bildu koalizioa "irekiagoa, parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa" izateko "konpromisoa" hartu dute Azpeitiko Sortuk eta Eusko Alkartasunak. Bi alderdietako ordezkariek azaldu dutenez, joan den apirilaren 1ean EH Bildu osatzen duten 4 alderdietako ordezkari nazionalek "konpromiso sendoa eta garrantzitsua" adostu zuten: "EH Bildu koalizio izaera gainditu eta subjetku politiko izatera pasatzeko prozesu eratzailea abiatzea, EH Bilduren erabakien erdigunean, berau osatzen dugun kideak kokatuz". Modu horretan, EH Bilduren "eraginkortasuna eta aniztasuna indartu" nahi dituzte. 

"Koalizioa sortu genuen eta osatzen dugun alderdiez haratago, bestelako espazio politiko gisa sendotu da EH Bildu, eta alderdi horien batura baino gauza zabalagoa da", adierazi dute Azpeitiko Sortuk eta EAk. Horregatik, "jauzia eman" eta lau indar politikoren koalizioa izatetik "ideia eta proiektu berriak izan nahiz alderdi jakin bati lotuta egon behar izango ez duten pertsona eta sektore independenteak ere barnean hartzen dituen subjektu politikoa" izatera igaro nahi dute. "Ez dugu galdetu nahi gutariko bakoitza nondik gatozen, baizik eta denok elkarrekin nora joan nahi dugun", esan dute Sortuk eta EAk.

Hori horrela, bi konpromiso hartu dituztela azpimarratu dute. Alde batetik, "alderdi politikoen koalizio bat izatetik bere identitate eta militantzia propioa dituen eta irekia, inklusiboa, parte-hartzailea eta erabat demokratikoa den subjektu politiko bat izatera igarotzeko konpromisoa", hartu dute. Betiere "alderdi politiko sortzaileen autonomia eta identitatea ezertan galarazi gabe, bakoitzak gure alderdien diskurtso, profil eta espazioei eusten diegulako, gure ustez horrek guztiak Euskal Herria Bilduk osatzen duen gune komuna indartzen baitu". Horrez gain, "Euskal Herrirako proposamen subiranista eta ezker eraldatzailekoa egunerako konpromisoa" hartu dutela esan dute bi alderdiek. Horrek, egungo egoeran "eragina" izango duela adierazi dute: "eraldatzailea izango den eta euskal herritarrentzako estatu propioa eta sozialki aurreratua eraikitzera orientatuko den prozesu subiranista diseinatzea, eta hala nahi duten indar politiko, sozial eta sindikal guztiekin batera gidatzea".

"Azpeitiaren aldaketan" hainbat urrats egin direla nabarmendu dute, eta hori hala izatearen protagonistetako bat EH Bildu izan dela esan dute, "herriko beste eragileekin elkarlanean". "Kultura, ekonomia, justizia sozialean, erabakitze eskubidean, herri antolamenduan… oinarri berriak kokatu ditugu eta egun beste norabide batean martxan dagoen herria dela esan dezakegu", esan dute. Baina era berean, "bidean hutsune handiak" izan dituztela ere badakitela adierazi dute. Hala, hutsune horiek oinarri hartuta, "bultzada eta indar berriaz", dituzten erronka politikoekin hasi nahi dutela azpimarratu dute. 

Prozesuan parte hartzeko deia

Azpeitiko Sortu eta Eusko Alkartasunako ordezkariek dei egin diete beren alderdietako kidegoari nahiz "Azpeitiko ezkertiar eta subiranista guztiei" prozesuan parte har dezaten. "Guztion ekarpenak ezinbestekoak dira eraiki nahi dugun aldaketa gauzatzeko", esan dute.

Hori horrela, dei egin diete herritarrei bihar, hilak 12, Azkoitiko Elkargunean egingo den foroan parte hartzeko. 18:30ean izango da foroa, eta bertan Juan Karlos Izagirre eta Rebeka Uberak prozesuaren kokapena eta xehetasunak aurkeztuko dituztela aurreratu dute Azpeitiko Sortuk eta EAk.