Bidaia bat alfonbretan jasoa

Uztarria.eus 2017ko mai. 11a, 13:42
Enrique Egino, orain gutxira arte Tele 5 kateko Salvame Deluxe saioan izan duten alfonbraren gainean. (Ihintza Elustondo)

Enrique Egino diseinatzaile azkoitiarrak erakusketa zabaldu berri du Donostiako Tabakaleran. Japoniara egin zuen bidaian oinarrituta diseinatu dituen zortzi alfonbra ikus daitezke bertan.

Japonia ezagutzeko gogoa zuen Enrique Eginok (Azkoitia, 1953), eta  han lehengusu bat bizi dela aprobetxatuz, hamabost eguneko bidaia egin zuen, zenbait lagunekin batera, Tokiotik hasi eta Hokkaidora. Batetik bestera zebilela, hainbat argazki atera zituen, "besterik gabe". Baina, gerora, irudi horiei begira jarri eta bururatu zitzaion alfonbra bilaka zitzakeela. "Bururatu eta egin. Gauzei ez diet bueltarik ematen". Kolekzio horretako zortzi alfonbrarekin erakusketa osatu du, Donostiako Tabakaleran. Maiatzaren 5ean inauguratu zuen, eta ekainaren 9ra bitartean izango da ikusteko aukera.

Bidaia hartako hainbat bereizgarri jaso ditu alfonbretan: tenpluak, Kiotoko jauregi inperiala, ur jauzi bat, jatetxeetako sarrerak, hango trenak, geishak... Baina haiei egindako argazkiak bere horretan alfonbretan islatu beharrean, "desegituratu" egin ditu irudiak. "Urrutitik begiratzen baduzu, antzematen da zer den irudi bakoitza". Kolore gama askotako alfonbrak egin ditu: gorria, berdea, laranja ukituak dituena...

Koadroak bailiran, paretetan jarriak ditu alfonbrak erakusketan. Artelan bakoitzak bere istorioa du, eta garrantzitsua iruditzen zaio Eginori hori azaltzea. Horregatik, Tabakaleran, alfonbra bakoitzaren ondoan, azalpena jarri du.

Eginorenak De Stijl mugimendu artistikoa gogoratzen duten artelanak direla dio Tabakalerako langileek egin duten idatziak, baina diseinatzaileak ez du halakorik baieztatu nahi izan. "Desegituratutako alfonbrak dira nireak. [Piet] Mondriaan eta horiek ezagutzen ditut, baina alfonbrak ez ditut diseinatu horiekin pentsatuta; agian, haien estiloarekin bat egiten dute...".

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.