Asteartean hasiko da futbitoko txapelketa herrikoia

Uztarria.eus 2017ko mai. 11a, 12:02

Maiatzaren 1eko astean ziren txapelketarekin hastekoak, baina partidak jokatzeko lekua zehazteak atzeratu du data. Azkenean, Betharrameko jolastokian jokatuko dituzte partidak, astelehenetik ostiralera. Finala ekainaren 24an izango da, plazan.

Azpeitiko Sarek antolatutako futbito txapelketa herrikoia asteartean, hilaren 16an, hasiko da, eta Betherrametako jolastokian jokatuko da.

Hasiera batean, maiatzeko aurreneko astean ziren txapelketa martxan jartzekoak, baina antolatzaileek arazoak izan dituzte partidak jokatzeko lekua zehazterako orduan. Izan ere, urtero Betharrametan jokatzen da futbito txapelketa herrikoia, baina aurten, eraikina obretan dagoenez, ez zuten bermatuta partidak jokatzeko lekua. Azkenean, Udalarekin harremanetan egon ostean, Betharrametako jolastokian jokatzea adostu dute. Sareko kideek azaldu dutenez, "leku gutxiago" izango dute partidak jokatzeko, "obretara moldatu" behar izan dutelako. 

Futbol partidak astegunetan jokatuko dituzte, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Maiatzeko azken ostiralean ez da partidarik egongo. 

Hamabi talde lehian

Aurtengoan hamabi taldek eman dute izena futbito txapelketa herrikoian, eta bi multzotan banatuko dira horiek Hala, sei taldeko bi multzotan jokatuko dute txapelketa. Multzo bakoitzean partida gehien irabazten dituzten bi taldeak ligara sailkatuko dira, eta gainerako lau taldeek kopa jokatuko dute. Multzo bakoitzean, ligan zein kopan, nabarmentzen diren bi taldeek jokatuko dute finala ekainaren 24an, plazan.