Museoen Nazioarteko Egunaren harira, hainbat jarduera egingo dituzte Burdinbidearen Euskal Museoan

Uztarria.eus 2017ko mai. 10a, 13:46

Igandean, lurrunezko trenek hiru irteera egingo dituzte Lasaora, eta CAF enpresaren mendeurrenari buruzko erakusketa zabaldu dute. Hilaren 18an, berriz, Urolako Trenbidearen hainbat film zahar emango dituzte.

Hilaren 18an, hurrengo ostegunean, Museoen Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak hainbat jarduera antolatu ditu iganderako eta hilaren 18rako.

Besteak beste, Besaingo CAF enpresaren mendeurrenaren harira, erakusketa bat zabalduko dute igandean. Beasaingo Lemnista elkarte kulturalarekin, Euskotrenekin eta CAF-ekin batera antolatu dute erakusketa, eta bertan enpresaren jatorrietatik, 1860. urtetik, 1917an CAF sortu zuten urtera arteko bilakaera azaltzen du. Hau da, “hasierako egurrezko bagoietatik abiadura handiko tren modernoetaraino” bidea kontatzen du.

Horrez gain, museoaren egoitzatik Lasaora hiru tren historiko jarriko dituzte zirkulazioan, eta bost kilometrotako hiru irteera egingo dituzte. Lehenengoa 11:00etan izango da; bertan, 1935ean Rotterdam-en (Holanda) eraikitako tren diesel-elektrikoan joango dira. Bigarren irteera, berriz, 12:00etan izango da, eta 1888an Glasgown (Eskozia) eraikitako trenean joango dira; azkenik, azken bisita 13:00etakoa izango da. Bertan, lurrun eta diesel trakzio bikoitzeko trenean joango dira.

Horiez gain, Urolako Trenbidearen bi film zahar aurkeztuko dituzte, hilaren 18an. Filmetako batek 1926ko Urolako Trenbidearen inaugurazio ekitaldiko irudiak jasotzeko ditu. Museoak adierazi du Azpeitian filmatutako filmarik zaharrena izan daitekeela hori. Beste filma 1951ekoa da, Urolako Trenbideak 25 urte bete zituenekoa. Euskal Fimotekak zaharberritu egin du pelikula hori. Museoen Nazioarteko Egunean izango dira film aurkezpenak, 19:00etan, Burdinbidearen Euskal Museoan.