Azoka Plazako Elikagunearen egitasmoa eta kudeaketa emateko lehiaketa onartu ditu Udalak

Uztarria.eus | Udala | Artikulua
2017-05-10 12:05

Ekonomia sustatzeko eta etxebizitzak alokatzeko 2017ko diru-laguntzak eta deialdiak ere onartu zituzten atzo, maiatzeko udalbatzarrean. Bestalde, 2018an ere San Sebastian eguna izango da Azpeitiari izendatzea dagokion urteko jaieguna.

Azoka Plazaren beheko solairuaren itxitura bukatzear dute.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azoka Plazako lanak azken txanpan sartuta daude. Udalaren aurreikuspenak betetzen badira, ekainean bukatuko dute eraikina eraberritzeko obra zibila. Ondoren etorriko da eraikinari edukia ematea, eta bide horretan ere ari dira pausoak ematen. Orain dela aste batzuk aurreratu bezala, Elikagunea izeneko saltoki iraunkorra jarriko dute martxan, besteak beste, Berdura plaza berrituaren beheko solairuan. Eta atzo, maiatzeko udalbatzarrean, aho batez onartu zituzten Elikagunea jartzeko egitasmoa eta haren kudeaketa emakidan lagatzeko lehiaketa irekiaren kontratazio espedientea.

Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuenez, nekazaritza sustatzeko Azoka Plazan garatu nahi duten proiektuaren barruan kokatuko da Elikagunea. "Eusko Jaurlaritzaren Hazi Fundazioarekin batera ari gara lantzen, Nirea izeneko egitasmoaren barruan. Bertako produktuak kontsumitzeko eta nekazaritza indartzeko leku bat izatea nahi da". Azoka Plaza berrituari "eduki oso indartsua emango" diola uste du alkateak, eta Azpeitikoa "Urola Erdian erreferentzia izango den azoka plaza" izango dela.

Ekonomia sustatzeko eta etxebizitzak alokatzeko aurtengo diru-laguntzak eta deialdiak ere onartu zituzten atzoko osoko bilkuran, horiek ere aho batez; bien gaineko xehetasunak aurrerago azalduko ditu Udalak.

Euskal Herria kaleko 40. eta 46. zenbakien artean egiten ari diren lanetarako, eta Damaso Azkue plazaren urbanizazio lanetarako diru-laguntza zuzenak ere onartu zituzten; bietan, Udalak lanen kostuaren %30aren kargu eginez erantzungo die bizilagunen eskariari.

Salbe auzuneko 10. eta 13. zenbakien arteko bidearen urbanizazio proiektuaren barruko kanalizazio lanen aurrekontuaren kargu, berriz, Gipuzkoako Ur Partzuergoa egingo dela ebatzi zuten, Udalak eta Partzuergoak duten hitzarmenaren barruan.

San Sebastian eguna, zapatuan baina jaiegun

Udalbatzarraren lan zerrendako beste gai bat zen 2018ko egutegian Azpeitiko Udalari ezartzea dagokion jaieguna proposatzea. Astegunean tokatzen denean, urtarrilaren 20a, San Sebastian eguna, izan ohi da beti Azpeitiko tokiko jaieguna. Datorren urtean zapatua izango da San Sebastian eguna, eta mahai gainean jarri zuten haren ordez beste egunen bat aukeratzea. Azkenean, ordea, San Sebastian jaiegun izango da datorren egunean ere. Tokiko jaieguna Karnabal asteartea izatea zen beste aukera, baina atzera bota zuten; EH Bilduren ordezkari guztiek eta EAJren batek egin zuten San Sebastian jaiegun izendatzearen alde, eta EAJren gainerako zinegotziek, berriz, inauterietako egunaren alde.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa