Ate joka dira Aratzerrekako sanisidroak

Uztarria.eus 2017ko mai. 9a, 20:01
Iazko sanisidroetako irudia.

Ostiralean, hilaren 12an, emango diote hasiera festei Aratzerrekan. Zapatuan Atxur Festie izango da hitzordu nagusia eta astelehenean, San Isidro egunean, ere ez da jai girorik faltako. Besteak beste, afariak, zezenekin jolasak, triki-poteoa eta pilota partida izango dira aurtengo sanisidroetan. 

Gero eta gutxiago falta da Aratzerreka festa giroan murgiltzeko; izan ere, datorren ostiralean, hilaren 12an, emango diote hasiera aurtengo sanisidroei. Ostiralean ez ezik, zapatuan eta astelehenean, San Isidro egunean, ez da festarik faltako Aratzerrekan. 

Ostiralean, 19:30ean emango diote hasiera festei, aitzurrarekin igoerarekin eta txupinazoarekin. Ondoren, 20:00etan, poteoa egingo dute, jai-giroan murgiltzen hasteko. 21:00etan sabelak betetzeko txanda izango da, eta mami-jana egingo dute tabernan. Afalostean, berriz, Eneko Arbeo Antxumarri eta Aritz Garmendia soinujoleak arduratuko dira giroa alaitzeaz. Goizaldean, 03:00etan, baratzuri zopa-jana izango da. 

Zapaturako, maiatzaren 13rako, antolatu dute egitaraurik oparoena, Atxue Festie-ren bueltan. Goizean mendi buelta egingo dute, eta arratsaldean ez da jolaserako tartetik faltako. Bigarren urtez jarraian, Atxurrien altxor bile jolasean parte hartzeko aukera izango da. Aitzurrak astinduz soroan gordetako sariak eskuratzeko aukera emango duen 'altxorraren bila' jolasaren aldaera da Atxurrien altxor bile. Horrez gainaitzurren kirtenen jaurtiketan eta sokatiran aritzeko parada ere izango da.  

Igandean atsedenerako tartea hartu ostean, astelehenean, San Isidro egunean, jarraituko dute festarekin. Urtero bezala, 13:00etan hasita, pilota partida jokatuko dute Ilunpeko pilotariek, eta ondoren, bazkaria egingo dute. Aitzurrarren jaitsierarekin emango diote amaiera festei.

Honakoa da 2017ko sanisidroetarako prestatu duten egitaraua, osorik: 

Maiatzak 12, ostirala: 

19:30ean: Aitzurraren igoera eta txupinazoa

20:00etan: Poteoa

21:00etan: Mami-jana. Ondoren, Eneko Arbeo Antxumarri eta Aritz Garmendia soinujoleak.

03:00etan: Baratzuri-zopa jana. 

Maiatzak 13, zapatua. Atxur Festie

09:30ean: Suziriak

10:00etan: Mendi buelta, Izazpi-Paotxeta-Samiño

17:00etan: Zezen jolasak, Lopeneren zezenekin. Jabier Niño de Ibarrola-ri omenaldia ere egingo diote, koleta moztearekin batera.

18:30ean: Atxur Festie. Umeentzat jolasak: atxurrien altxor bile, atxur kerten jaurtiketie eta sokatira.

19:30ean: Triki-poteoa

21:00etan: Auzo-afaria, Xabier Etxaniz eta Iñigo Galdos soinujoleak girotuta. 

01:00etan: Lehiaketa xelebrea: hiru arrautza egosi nork azkarrago jan. Saria: 30 euro eta dozena bat arrautza. 

03:00etan: Baratzuri-zopa jana

Maiatzak 15, astelehena. San Isidro eguna

10:00etan: Suziriak

12:00etan: Meza nagusia

13:00etan: Pilota partida, Ilunpeko pilotariekin. 

14:30ean bazkaria

Arratsaldean, Eneko Arbeo Antxumarri eta Attola soinujoleak.

20:30ean: Aitzurraren jaitsiera, eta festen amaiera.