Sanjuandegiko festetako Ume Egunerako izen-ematea bihar zabalduko dute

Uztarria.eus 2017ko mai. 9a, 13:18

Maiatzaren 27an ospatuko dute Ume Eguna, eta bihartik ostiralera bitartean jasoko dituzte izen-emate orriak

Sanjuandegiko festetan Ume Eguna ospatuko dute beste urte batez, eta maiatzaren 27an, haiei zuzendutako ekintza ugari izango dira Azpeitiko auzoan. Bertan parte hartzeko izena ematea bihar zabalduko dute, eta horretarako hiru egun finkatu dituzte.

Umeen Egunean parte hartzeko izena emateko orriak banatu dituzte, eta behin orria beteta, parte hartu nahi dutenek Sanjuandegiko auzo lokalera edo Gazte Informazio Bulegora eraman beharko dituzte. Asteazkenean (maiatzak 10) eta ostiralean (maiatzak 12) auzo lokalean egongo dira, 17:00etatik 20:00etara bitartean; ostegunean (maiatzak 11), berriz, Gazte Informazio Bulegoan jasoko dituzte, 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 20:00etara bitartean. Izena ematen dutenek eta kamiseta nahi dutenek bost euro ordainduko dituzte; aldiz, kamisetarik behar ez dutenek hiru eurotan izango dute izen ematea. “Beti ere haurrak egunean kamisetan izan beharko du parte hartu ahal izateko”. Egun horretatik aurrera ez dute onartuko izen-ematerik. Era berean, gurasoek antolakuntzan —”batez ere bazkarirako antolakuntza errazten”— parte hartu nahi badute ere, egun horietan eman dezakete izena.

Izena emateko, gutxienez 2012an jaiotakoa izan behar da. LH 5. eta 6. mailakoek ere badute parte hartzeko aukera, baina bazkalostetik aurrera antolatzaileak ez dira beren arduradun egingo.

Honako egitaraua izango dute maiatzaren 27an:

  • 11:00etan: Joxe Antonio Agirre plazan elkartuko dira.
  • 11:00etatik 13:30era: Jolasak.
  • 13:30ean: Bazkaria.
  • 15:00etatik 16:30era: Arratsaldeko ekintzak.
  • 16:30ean: Askaria.
  • 17:00etan: Umeak jasoko dituzte, Joxe Arregi plazan.