Agurtu dute ekitaldiz betetako Gazte Astea, hurrengo urtera arte

Uztarria.eus 2017ko mai. 8a, 17:06

Atzo, maiatzak 7, agurtu zuen Azpeitiko Gaztetxeak urtero antolatzen duen Gazte Astea. Zazpi egunez, hainbat ekintzaz gozatzeko aukera eskaini zuten Gaztetxeko kideek, eta giro ederrean eman zioten amaiera egitarauari atzokoan, Mobidick bakarlariaren kontzertuarekin eta txokolatadarekin.

Astelehenean eman zioten hasiera 2017ko Gazte Asteari, Gazte indarraz langile boterea eraiki manifestazioarekin. Asteartean, Miren Odriozola internazionalista azpeitiarrak bere bizitzaren inguruko hainbat zertzelada kontatu zituen gaztetxean. Asteazkenean, berriz, Venezuela: Iraultza Bolibartarra kolokan hitzaldia izan zen, Askapenaren eskutik. Ostegunean Giza historia energiaren ikuspuntutik itzaldia eskaini zuen Aimar Uribesalgok, eta gauen bertso trama izan zen.

Ostiralean, hilaren 5ean, parrillada egin zuten sanagustinpean, eta ondoren, urtero egin ohi duten parodia eskaini zuten gaztetxeko hainbat kidek. Besteak beste, Udalak Aste Santuan jarritako tren turistikoa izan zuten hizpide, betiere umorea klabean. Zapatuan eman zioten jarraipena prestatutako egitarauari, eta bazkaria egin zuten gaztetxeko atarian. Bazkal ostean, Tony Rocket igo zen gaztetxeko oholtzara, eta hainbat kanten bertsioak eskaini zituen, ia hiru ordu luzatu zen kontzertuan. Atzoko kontzertu akustikoarekin eman zion Gazte Asteari Azpeitiko Gaztetxeak, datorren urtekoaren zain.