Erniarraitz 1 taldea ez da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finalean izango

Uztarria.eus 2017ko mai. 6a, 21:44

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finalaurrekoa jokatu du gaur arratsaldean Erniarraitz 1 taldeak, Zizurkilgo eta Asteasuko bertsolariez osatutako Karidadeko Benta taldearen aurka, baina Azpeitiko taldeak ez du aurrera egiterik izan. Tolosaldeko taldeak 27 puntu lortu ditu eta azpeitiarrek 18. Hala, Karidadeko Benta taldea izan da finalerako txartela lortu duena.

Alegiko frontoian jokatu dute kanporaketa bi taldeek, 17:30ean hasita, eta Erniarraitz 1 taldeko gai jartzaile Gurutze Oiartzabalek adierazi duenez, azpeitiarrak "oro har, gustura" geratu dira egindako lanarekin. Bakarkako lanetan bi taldeak "paretsu" ibili direla adierazi du Oiartzabalek, eta gaineratu du "gutxien taldekako ariketetan asmatu" dutela. "Taldekako lanetan, pertsonaia asmatzeko ariketan, Pirritx egokitu zaio gure taldeari, eta arerioei, berriz, Abel Barriola. Gero, kartzelako lanean saioa grabatzen ari diren hiru kameralariren azalean jarrita kopletan egin behar izan dute". Azpeitiko Erniarraitz 1 taldea Leire Ostolaza, Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria Ministro eta Jokin Uranga bertsolariek osatzen dute. Haiekin batera daude taldean Gurutze Oiartzabal gai jartzaile lanetan, Oihana Aranguren epaile eta Oihana Labiano ordezkari. 

Bigarren finalaurrekoa, berriz, Bergarako pilotalekuan jokatuko dute datorren zapatuan, eta Gabiriako Osinalde eta Amasa-Villabonako Am…ona taldeak izango dira aurrez aurre, 17:30ean hasita. Finalerdi horretan gailentzen den herriak Karidadeko Benta taldearen kontra neurtuko ditu hitzak maiatzaren 27an jokatuko duten finalean, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 17:30ean izango da saioa, eta, ondoren, Sanagustin kulturgunean afaria egingo dute. Bergarako finalerdirako eta finalerako sarrerak nahiz afarirako txartelak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean.