Gazte Astea azken txanpan sartzera doa

Uztarria.eus 2017ko mai. 5a, 20:54

2017ko Gazte Astea ari da amaierara hurbiltzen. Astelehenean, Maiatzaren 1arekin, estreinatu zuten Azpeitiko Gaztetxeak prestatu duen egitaraua, eta harrezkero egunero-egunero izan da hitzorduren bat edo gehiago. Gaur, esaterako, Gariaren matxinadaren inguruko pasiera-tertulia egin dute, 21:00etan parrillada dastatuko dute Sanagustinpean eta, ondoren, leku berean, urteroko zita izan ohi den parodia aurkeztuko dute.

Bihar bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta Tony Rocketen emanaldia, ondoren. Eta igandean, Gazte Astea ixteko, Moby Dick-en kontzertua izango dute 19:00etan, eta gero txokolatada, Gaztetxean.

Atzo, berriz, besteak beste bertso trama taularatu zuten (argazkietan) Haritz Etxeberria Ministro, Oier Etxeberria eta Beñat Lizaso herriko bertsolariek, Ane Iriondo gai jartzen zutela.

(Argazkiak: Erik Aznal)