Azpeitiarrak VIII. Bideo Lehiaketan parte hartzera deitu ditu 'Gaztezulo'-k

Uztarria.eus 2017ko mai. 4a, 18:24

Herrietako gazteen parte hartzea bultzatu nahi dute aurten. Maiatzaren 26an bukatuko da ikus-entzunezkoak aurkezteko epea, eta hil bukaeran emango dituzte jakitera sarituen izenak. Aurreneko saria lortzen duen sortzaileak 1.200 euroko saria eskuratuko du, eta bigarren saria jasotzen duenak, berriz, 300 euro. 

Zortzigarren urtez jarraian bideo lehiaketa antolatu du Gaztezulo aldizkariak, eta azpeitiar sortzaileek bertan parte har dezaten nahi dute. "Herrietako gazteen parte hartzea bultzatu nahi dugu aurten, lan gehienak Donostia eta Iruñeatik iristen baidira", azaldu dute Gaztezulotik. 

Apirilaren 7an jarri zuten martxan lehiaketa, eta maiatzaren 26an amaituko da lanak aurkezteko epea. Gaztezulotik aurreratu dutenez, hil horren amaieran emango dituzte jakitera sarituen izenak, eta ekainean egingo dute sari banaketa ekitaldia. 

Aurreneko saria lortzen duen sortzaileak 1.200 euroko saria eskuratuko du, eta bigarren saria jasotzen duenak, berriz, 300 euro. Ikusleen saria ere banatuko dute. Gaztezulo.eus webgunean ekainaren 6ko 12:00etan ikusleen boto gehien dituen lanaren egileak hainbat produktuz eta Gaztezuloren materialaz osatutako opari sorta bat irabaziko du.

Honakoak dira lehiaketaren oinarriak:

  • 16 urtetik gorako gazteek har dezakete parte.
  • Aurkezten diren bideoek aurten errodatuak, originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute.
  • Ez da onartuko aurrez beste lehiaketaren batean aurkeztutako lanik.
  • Gutxienez minutu 1 eta gehienez 3 minutu (kredituak barne).
  • Gaia librea da
  • Animazio filmak ere onartzen dira
  • Bideoak hizkuntz edukiren bat badu (ahotsa, musika, elementu grafikoak...) euskaraz izan behar du
  • Pertsona edo talde bakoitzak nahi beste lan bidal ditzake
  • Edozein teknika eta estilo erabilitako ikus-entzunezkoak bidal daitezke. 

Oinarri guztiak eta izen-ematea eskuragarri daude Gaztezuloren webgunean

Iaz Maria de Jesus azpeitiarrak irabazi zuen VII. Gaztezulo Bideo Lehiaketa.