HHko haurrei zuzendutako jolastokia egingo dute Ikasberri Ikastolan

Uztarria.eus 2017ko mai. 4a, 16:00
Ikasberri Ikastolako eta udaleko ordezkariak. (Julene Frantzesena)

Ikastetxeetako jolastokiak berritzeko proiektuaren barruan egingo dute gunea. Bizikletentzako gunea zen tokian eraikiko dute. Elementu naturalak jarriko dituzte jolastoki berrian.

Aurtengo aurrekontuen barruan sartu zuen udalak herriko ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko proiektua, eta hasi dira horiek berritzeko prozesuekin dagoeneko. Izan ere, Karmelo Etxegarai Ikastolaren HHko eraikinaren jolastokia berritzeko urratsak egiten ari dira jada eta Betharrametako eraikina ere hasi dira zaharberritzen. Herriko ikastetxeek nahiz udaleko Hezkuntza eta Parekidetasun sailek duela lau urte sortu zuten Hezkidetza Foroan landutako hainbat proiekturen ondorio da jolastokiak berritzeko egitasmoa.

Ikasberri Ikastola izango da prozesuan murgiltzen hurrengoa. Ikastolak dituen "behar pedagogikoen arabera" gauzatu dute jolastokia berritzeko proiektua udaleko eta Ikasberriko kideek. "Kimu proiektu pedagogikoaren barruan, 0 eta 6 urte bitarteko haurren garapenari egokitutako jolasparkea” izango dela azaldu du Eneko Etxeberria alkateak. Jolastoki berria Ikasberri Ikastolaren ondoan orain arte bizikletentzat egokituta izan den gunean, baratze parkearen azpian, egingo dute. 250 metro koadro inguru izango ditu jolastoki berriak, eta elementu naturalak txertatuko dituzte bertan, hala nola hondarra, ura, belarra eta harriak.

Arantxa Bidezabal Ikasberriko zuzendariak azaldu duenez, barne espazioaren berrantolaketaz gain, ezinbestekoa da kanpo espazioa ere. "Haurrak, 0 eta 6 urte bitartean, ingurunea ezagutzeari ekiten dio bere gorputzetik abiatuz". Haren aburuz, esperimentazioa, esplorazioa eta jolasa dira haurraren ikaskuntza prozesuaren oinarri eta bitarteko, eta, horretarako, "ingurune natural anitzak" eskaini nahi dituzte. "Jolastoki berriarekin, ingurune naturalaren ezagutza bultzatuko duen gune berri bat izango dugu. Haurrei elementu naturalak esploratzeko, esperimentatzeko eta haiekin jolasteko aukera anitzak eskainiko dizkiegu". Elementu naturalez gain, baina, haurren garapenean garrantzia izan duten beste hainbat arlo ere hartu dituzte kontuan Ainara Bidal Ikasberriko zuzendari pedagogikoak azaldu duenez. "Ezkutatzeko tokiak, jolasteko gune itxiak, aldapak edo oreka nahiz kulunkatzea ahalbidetuko duten proposamenak ere txertatu ditugu jolastoki berrian".

Astegunetan, eskola orduetan, Ikasberriko haurrek soilik erabiliko dute jolastokia. Eskola orduez kanpo, berriz, herritar ororentzat izango da zabalik, Ikasberri Ikastolaren eraikineko nahiz gainerako ikastetxeetako jolas parkeen gisan. Jolastoki berriaren lanak martxan den ikasturtea bukatu baino lehen amaitzea aurreikusten dutela jakinarazi dute udal ordezkariek.

"Eskaintza hobetzeko"

Josu Azpillaga Ikasberri Ikastolaren Artezkaritza Kontseiluko kideak azaldu duenez, ikastolaren hezkuntza eskaintza osoa “berritzeko eta hobetzeko” beste urrats bat da jolastokiaren proiektua. "Barrutik kanpora" egindako aldaketa gisa deskribatu ditu berritze lanak Azpillagak: "Zailena ez da, ziurrenik, kanpo espazioak metodologia berrietara egokitzea, irakasleak, ikasleak eta gurasoak, denak norabide berean, horretara egokitzea baizik". Horrez gain, udalak jolastokiaren gaiarekin erakutsi duen jarrera "eskertu" du, "ikastolaren espazio beharrei erantzuten laguntzeko borondatea" agertu duelako. Horregatik, aurrerantzean ere elkarlanean jarduteko nahia azaldu du Azpillagak.