Bilbao Mendi Film Festibaleko pelikula onenak eskaintzera dator Mendi Tour jaialdia

Uztarria.eus 2017ko mai. 4a, 11:33
Mikel Ibarzabal (Udala), Julen Goenaga (Sokaitz Eskalada Elkartea), Aitor Unanue (Lagun Onak MB) eta Kepa Urbieta (Kulturaz eta Paradisu Zinema).

Maiatzaren 23an eta 25ean izango da aurtengo Mendi Tour. Guztira, eskaladan eta alpinismoan oinarritutako sei film eskainiko dituzte, tartean Bilbao Mendi Film Festibaleko pelikula irabazlea: Freedom under load. Bi egunetako saioetara joan nahi dutenek aurrez bono berezia erosteko aukera izango dute, 8 euroren truke. Emanaldi bakoitzeko sarrera, aldiz, 5 euro ordaindu beharko da. 

Mendi Tour jaialdia iritsiko da Soreasu antzokira maiatzaren 23an eta 25ean, eta berarekin, Bilbao Mendi Film Festibalaren azken edizioko lanik onenak ikusteko aukera. Guztira, sei film eskainiko dituzte bi saiotan, hiru pelikula egun bakoitzean. Kulturaz Kooperatibak, Sokaitz Azpeitiko Eskalada Elkarteak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Paradisu Zinema Zineklubak elkarlanean antolatu dute jaialdia, hirugarren urtez jarraian. 

Urola bailaran Mendi Tour antolatzen den leku bakarra da Azpeitia. Orain arte "erantzun ona" izan duela uste dute antolatzaileek, eta aurtengoan ere hala izan dezan nahi dute. Aurreratu dutenez, "kalitate handiko" ikus-entzunezkoak izango dira ikusgai aurtengo jaialdian, tartean sari nagusia jaso zuen pelikula. "Iaz ezin izan genuen pelikula irabazlea eskaini, egile eskubideak tarteko, baina aurtengoan posible izango da", azaldu du Kepa Urbietak. Hala, maiatzaren 25ean ikusgai izango da Bilbao Mendi Film Festibaleko film irabazlea, Freedom under load filma, hain zuzen. Julen Goenaga Sokaitz Eskalada Elkarteko kideak nabarmendu duenez, "film onak datoz", eta horregatik dei egin die herritarrei mendi zinemaren jaialdian parte har dezaten. Bestalde, eskerrak eman dizkio Udalari, antolaketa lanetan laguntzeagatik. Mikel Ibarzabal zinegotziak, bere aldetik, eskerrak eman zizkie antolatzaileei, eta "horrela jarraitzeko bidea elkarlana" dela azpimarratu du.

Pelikula guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, eta euskarazko azpidatziak izango dituzte. Lau film ingelesez izango dira, bat polakoz eta bestea frantsezez.

Honakoak dira hilaren 23an eskainiko dituzten pelikulak: Boys in the bugs (eskaldako film onena), Dodo's delight (kirol eta abentura film onena) eta Blocheads (eskaladaren inguruko pelikula). Maiatzaren 25ean, berriz, Freedom under load (Bilbao Mendi Film Festibaleko sari nagusia), Jean Troillet, Toujours aventurier (ikuslearen saria jaso duena) eta Annapurna III-Unclimbed (Alpinismoaren inguruko filma) izango dira ikusgai. Bi egunetako emanaldiak 21:00etan hasiko dira.

Lagun Onak Mendi Bazkunak urtero antolatzen duen Mendi Astearen barruan antolatu dute Mendi Tour jaialdia aurtengoan ere, hirugarrenez. Txalintxoko egunarekin emango diote hasiera Mendi Asteari, baina datozen egunetan jakinaraziko dute aste horretarako prestatu duten egitarau zehatza.

Sarrerak eta bono berezia

Bi egunetako saioetara joan nahi dutenentzat bono berezia erosteko aukera izango da aurten ere, 8 euroren truke. Bono horiek aurrez jarriko dituzte salgai Sanagustin kulturgunean eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkartean. Egun bakoitzeko sarrerak, aldiz, 5 eurotan erosi ahal izango dira emanaldien aurretik, Soreasuko leihatilan.