Izeba proiektuan parte hartu nahi dutenei zuzenduta, bilera informatiboa izango da hilaren 10ean

Uztarria.eus 2017ko mai. 3a, 15:00

Aldundiaren tutoretzapean dauden adingabeen izeba-osaba izateko boluntarioak behar dituzte Urola bailaran. Izeba proiektuaren helburua da "tutelapeko adingabeen bizitza kalitatea hobetzen laguntzea". Sindikatu Zaharrean izango da bilera, 18:30ean hasita.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2009an abiatu zuen Izeba proiektua, hainbat arrazoiren ondorioz, Gipuzkoan familiengandik berezituta bizi diren eta aldundiaren babesean dauden adingabeen "izeba-osaba" bezala aritzeko sarea sortzeko asmoz. "Helburu nagusia tutelapeko adingabeen bizitza kalitatea hobetzen laguntzea da, euskarria, afektibitatea, babesa eta harreman sozial hurbilen hedapena emango dien erreferentziazko familia bat eskainiz", adierazi dute Urola bailaran badirela bertako familia batekin harremana hasi eta aisialdia konpartitzeko adingabeak. Horregatik, boluntarioak behar dituzte osaba-izeba gisa jokatzeko.

Interesa duenak izena eman behar du proiektuan, eta horretarako hitzaldi informatiboa eskainiko dute maiatzaren 10ean, 18:30ean, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Informazio gehiago 943-25 10 05 telefonoan lortu daiteke.