Joseba Azkarraga: "Preso eriak aske uzteko baldintzen erabakiak espainiar legeria urratzen du"

Uztarria.eus 2017ko mai. 3a, 14:48
Joseba Azkarraga. (Eitb.eus)

Salatzen Dut Hilabetearen barruan, solasaldia antolatu du Azpeitiko Sarek gaur arratsalderako (19:00etan Sanagustinen). Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga Sare Herritarraren bozeramailea izango dira hizlariak. Zer salatzen dugu? izena eman diote hitzaldiari.

Zer salatzen du Sarek?

Euskal presoen kolektiboak jasaten dituen eskubide urraketa salatzen dugu. Sare anitz batetik egiten dugu salaketa hori, non ideologi ezberdinetako pertsonek hartzen dugun parte, iraganean desadostasunak bagenituen ere. Sare hori osatzen dugunok uste dugu ETAk duela bost urte armak uztearen inguruan hartutako erabakiaren ostean, beharrezkoa dela gatazka bortitzak eragindako ondorioei irtenbidea ematea. Gatazka bortitz horrek utzitako ondorioetako bat dira biktimak, errespetatu behar ditugunak. Baina gatazkak 340 preso ere utzi ditu, horiek ere gatazkaren ondorio dira, eta beren eskubideak egunero urratzen dira. Ez soilik beraienak, gainera; izan ere, preso daudenen senideen eskubideak ere ez dira errespetatzen. Horren lekuko da dispertsioa. 

Zein dira Sareren helburuak?

Euskal gizartearen kontzientzian eragitea, elkarbizitzara bidean urratsak egiteko, eta espainiar estatuak inposatzen digun estenatokia alboratzeko. Proposatzen diguten estenatoki horrek ez digu uzten etorkizunera begira pausoak ematen, kontrakoa baizik; konfontrazioa elikatzen du. 

ETAren armagabetzearen ostean, aldatuko al da presoren egoera?

Esan beharra dago bakea lortzera bidean urratsak egin dituen alde bakarra ETA izan dela, jardun armatua eteteko erabakia hartuta. Bestalde, Espainiar Estatua dago, inmobilizazio prozesuan murgilduta, uneoro konfrontazioa bilatzen.  Sarerentzat 2017 urteak erabakien urtea izan behar du, konponbidearen urtea izan behar da aurtengoa. Gizartearen pizgarri izan nahi du Sarek, jendarteak jakin dezan nahiz eta ETAk bere jardun armatua bukatu duen, arazoa ez dela bukatu eta ez dela amaituko presoen egoerari irtenbide bat eman artean. Gainera, uste dut, ETAk armagabetzearekin emandako urratsa baliogarri izango zaigula euskal gizartearen sektore batek, orain arte egin ez dutenek, Espainiar Gobernuaren aurka ahotsak altxatzeko. 

Espainiar gobernuak adostu du preso eriek gehienez bi hilabeteko bizi itxaropena izan behar dutela aske uzteko.

Espainiar Gobernuak mendekua erabili du konfrontaziorako arma bezala, beste behin. Gaixo eriak aske uzteko baldintzen erabakiak espainiar legeria urratzen du", baita Europakoa edota 'Reglas Mandela' bezala ezagutzen direnak ere. Larri gaixo dauden presoak berehala utzi behar dira aske, ez espetxeko atean hiltzeko, baizik eta beren egoera hobetzea posible izateko. Gogoratu behar da 500 preso hil direla Espainiako espetxeetan.

EEPK kolktiboa eztabaida prozesuan murgilduta dago. Zer eragin du horrek?

Euskal presoak arazoaren parte dira, eta konponbide prozesuan subjektu aktiboak izan behar dute. Ziur nago eztabaida prozesu horrek bere fruituak eman eta urratsak ematen lagunduko digula. Gogoratu behar da 2013ko abenduan EPPK-k ondorio garrantzitsu batzuk atera eta plazaratu zituela: eragindako minaren errekonozimendua eta espetxe araudia onartzeko asmoa. Hala, eragindako minaren errekonozimendua exijitzen dutenei gogoratu behar zaie aitorpen hori egin zela orain dela urte batzuk. Eta gogoratu behar zaie, baita ere, herri hau zain dagoela estatuko terrorismoa jasan zuten biktimak noiz aitortuko. Horrez gain, azpimarratu behar da estatuko terrorismoa erabili zutenei ez zitzaiela jezarri ETAko kideen pareko zigor penala. Espainiako Gobernuak justizia nola neurtzen duen erakusten duen adibide argia da hori. 

Presoen gaia blokeo egoeran dagoela entzun izan da. Zein dira desblokearako Sarek proposatzen dituen urratsak?

Lau ildo daude, nagusiki, blokeo egoeran, eta horiek desblokeatuz gero elkarbizitza posible izango da. Alde batetik, dispertsioarekin amaitu behar da. Euskal presoen %95 senideengandik 700 klometrotara dago. Bestetik, gaixo dauden presoen arazoa konpondu beharra dago. Preso gaixoen egoerari irtenbidea bilatu behar zaio. Giza eskubideen defentsana ari gara. Eta, azkenik, salbuespen legeen ezarpenarekin bukatzea, bereziki 7/2003 legearekin. Horrek bizi osoko espetxe zigorra ekar dezake. 

Hori guztia lortzeko lanean ari da Sare, eta hurrengo hitzordua maiatzaren 17an dugu, Donostian. Hemendik gonbita luzatzen diet Azpeitiko herritar guztiei bertara hurbil daitezen.