Euskarazko Internet Egunean parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute

Uztarria.eus 2017ko mai. 3a, 14:33
Ezkerretik eskubira, Josu WaliƱo PuntuEus-eko ordezkaria, Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidea eta Lorea Arakistain PuntuEus-eko ordezkaria. (PuntuEus)

Aurtengoan Azpeitian ospatuko da Euskarazko Internet Eguna. Ekitaldi nagusia Sanagustin kulturgunean egingo dute, 19:00etan hasita. Egitasmoaren xedea da Interneten euskarazko edukien sustapenean eragitea.

Gaur, asteazkena, ireki dute maiatzaren 17an Azpeitian ospatuko den Euskarazko Internet Egunean parte hartzeko izen-ematea. Azpeitiko Kulturaz Kooperatiba eta PuntuEus Fundazioa dira aurten Euskarazko Internet Eguneko egitaraua osatzearen arduradunak, eta horretarako elkarlan proiektua abiatu zuten duela hilabete batzuk, Azpeitiko hainbat elkarte, eragile eta norbanakoren parte-hartzearekin.

Egitasmoaren helburua da Interneten euskarazko edukien sustapenean eragitea. Horretarako, elkarlanean landutako proiektua aurkeztuko dute PuntuEus Fundazioak, CodeSyntaxek, Kontseiluak eta Ikastolen Elkarteak. Oraindik ez dute jakinarazi egun horretarako prestatu duten egitaraua, baina ekitaldi nagusia Sanagustin kulturgunean egingo dutela aurreratu dute, eta bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Interesa dutenek, domeinuak.eus webgunean egin dezakete izen-ematea.

Interneten Nazioarteko Eguna da maiatzaren 17a, eta data hori aukeratu dute Euskarazko Internet Eguna ospatzeko. Aurtengoa PuntuEus Fundazioak Euskarazko Internet Eguna ospatuko duen bigarren urtea da.