Kakuteko Eguna ospatzeko irteera antolatu du Lagun Onak MBk astebururako

Uztarria.eus 2017ko mai. 3a, 11:08
Iazko Kakuteko Egunean ateratako irudia. (Lagun Onak M.B)

Zapatuan irtengo dira Azpeititik Xoxotera, eta bertan igaroko dute gaua, aterpetxean. Igande goizean abiatuko dira Kakutera, eta arratsaldean itzuliko dira Azpeitira. Bihar itxiko da izen-ematea.

Kakuteko Eguna dela eta, irteera antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak astebururako. Zapatuan, maiatzaren 6an, 16:00etan anbulatorio aurretik irtengo dira, autobusez zein oinez. Autobusez doazenak Aittolara eramango dituzte, eta handik oinez igoko dira Xoxotera.

Gaua Xoxoteko aterpetxean pasatuko dute, eta igandean, maiatzak 7, abiatuko dira Kakutera. Bazkaltzera aterpera itzuliko dira, eta bertan bazkaldu ostean, arratsalde partean jaitsiko dira Azpeitira, oinez.

Ibilaldira joan nahi dutenek bihar arte eman dezakete izena, Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean. Umeek 27 euro ordaindu beharko dute eta helduek 35 euro, gosaria eta bazkaria barne. Bazkide ez direnek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte. 

Xoxoteko aterpetxean lo egiteko norberak eraman beharko ditu izara eta lotarako zakua. 

Iaz Kakuteko Egunaren harira Lagun Onak MBk antolatutako ibilaldiko irudiak, hemen