'Ama, nora goaz?' dokumentala eskainiko dute ostegunean, Sanagustinen

Uztarria.eus 2017ko mai. 2a, 17:26

1936ko gerraren ondorioz beren herrietatik bidali zituzten familien egoera azaltzen du ikus-entzunezkoak. Sanagustin kulturgunean emango dute dokumentala, 20:00etan hasita. Munohaundi kultur elkarteak antolatu du emanaldia, eta sarrera doan izango da.

Datorren ostegunean, maiatzaren 4an, Ama, nora goaz? dokumentala eskainiko dute Sanagustin kulturgunean, 20:00etan hasita. Munohaundi kultur elkarteak antolatu du emanaldia, eta sarrera doan izango da.

Ikus-entzunezkoak 1936ko gerraren ondorioz beren herrietatik bidali zituzten familien egoera azaltzen du, gerra hark eragin zien ama, seme-alaba eta adineko pertsonena. "Zein izan zen haien erru bakarra? Beren senar eta familiakoak gudari joanak zirela gerrara, altxamenduaren erasoari aurre egitera", adierazi dute antolatzaileek.

Baleuko ekoiztetxeak egin du dokumentala, eta hainbat erakunde publikok horretarako laguntza eman du, hala nola Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, EITBk, Emakundek, eta Azkoitiko, Donostiako, Elgoibarko, Mutrikuko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako udalek. Hain zuzen, aipatutako herri horietatik bidali zituzten dokumentalean parte hartzen duten familietako kideak, besteak beste.

Antolatzaileek dokumentalaren garrantzia historikoa nabarmendu dute: "Dokumentalak aukera ematen du gure historia hurbilaren zati gogor eta samingarri baten berri izateko, etorkizunean ere gogoan izan dezagun gure herritarrek jasan behar izan zuten sufrimendua".