Ekain Ibarguren, 'Lore': "Biharko ikuskizunak umorea baino heziketa du oinarri"

Uztarria.eus 2017ko api. 28a, 20:48

Pupu eta Lorek Haizearen herrira ikuskizuna eskainiko dute bihar, 17:00etan hasita, Soreasu antzokian. Ekain Ibargurenek (Azpeitia, 1996) hezurmamitzen du Lore, eta rol horretan herrian arituko den aurreneko aldia izango da biharkoa. "Urduri" dago Ibarguren; izan ere, badaki bihar oholtzara igoko dena ez dela Ekain Txou, eta jendeak hori argi izan dezan nahi du. Ikuskizunaren atarian, Ibargurenekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Nola jaso zenuen Loreren papera egiteko gonbidapena?

Denbora da Pirritx, Porrotx eta Marimotots ezagutzen ditudala, Azpeitian ikuskizunak eskaintzen zituzten aldietan Txantxa Algarakook beraien aldageletara sartzen ginelako. Iaz, Joxe Mari Agirretxe Herri Hezitzaileen inguruko solasaldi bat eskaintzera etorri zen Sanagustinera, eta ni hura agurtzera sartu nintzen. Nire pailazo koadernoa nuen eskuetan, bertan idazten ditut Ekain Txou ikuskizunerako ditudan ideiak eta bestelakoak. Koadernoa erakutsi nion, eta azken orrian bere sinadura utzi zidan, baita bere helbide elektronikoa eta telefono zenbakia ere. Nire ikuskizunaren [Ekain Txou] inguruko informazioa bidaltzeko eskatu zidan Agirretxek. Bidali nion, eta bi astera deitu zidan Loreren papera egin nahi al duen galdezka. Bi aldiz pentsatu gabe eman nion baiezkoa eskaintzari. 

Baiezkoa eman ostean...

Bilera batzuk egin genituen aurrena, eta bertan azaldu zidaten zein izango zen nire egitekoa eta zein izango zen gidoia. Entseguen inguruan hitz egin genuen, baita agenda prestatu ere. Andoainen hasi ginen entseatzen eta hurrengoak Belauntzan egin genituen. Aurreneko emanaldia, aldiz, Sopelan eskaini genuen. 

Argiak, atrezzoa, jantziak... kontu horiek berriak ziren zuretzat. Mota horretako ikuskizuna eskaintzen zenuen aurreneko aldia zen. Oholtzara irteterako orduan, zer zen sentitu zenuena?

Ez nengoen urduri, lasai irten nintzen ikuskizuna eskaintzera; izan ere, oso fresko geneukan gidoia, entseguak orduan bukatuta genituen. Beste ikuskizun bat gehiago izango balitz gisan irten nintzen ikusleen aurrera.

Lore hezurmamitzen duzu. Nolakoa da Lore?

Pupuk eta Lorek ez dute sexurik. Hau da, Pupu ez da mutil bat eta Lore ez da neska bat, bi nortasun mota irudikatzen dituzten pertsonaiak dira. Pupu beti jolasean eta bihurrikerietan dabil. Lore, aldiz, goxoagoa da, zintzoagoa. 

Loreren rolean Soreasuko oholtzara igoko zaren aurreneko aldia da biharkoa. Urduri al zaude?

Bai. Baina ez nago urduri ikuskizuna gaizki edo ondo irtengo delako. Nik uste dut jendea ohituta dagoela Ekain pailazo paperean ikusten, eta Lore pailazoa da, baina ez du umorea bilatzen. Ekain Txou pailazo klasikoa da, umorea du oinarri. Biharko ikuskizunak, aldiz, umorea baino heziketa du oinarri. Horregatik, arduraz hartu behar dut Loreren papera; izan ere, nik haren mozorroa janzterako Euskal Herriko etxe guztietan ezagutzen zuten Lore. Beldurtzen nauena da ikusleak umorearen bila joatea eta umorerik ez aurkitzea. 

Etorkizunera begira jarrita...

10.000 amets ditut, Katxiporretan aritzearena bete dut. Orain ikusi egin behar.

Eta zein dira amets horiek?

Jendeak pentsa dezake nire ametsa Circo del Sol bezala ikuskizunetan aritzea dela. Tira, ondo dagoen ikuskizuna da, baina badira beste batzuk ere, Circo Mundial, Circus Roncalli eta Circus Krone, esaterako. Horiek ikuskizun klasikoagoak dira.

Ametsak amets, zein proiektu dituzu esku artean?

Ikuskizun berriak prestatzen ari naiz, eta Dinamoan entrenatzen dut; han aritzen naiz malabareak egiten eta. Lakrikunen gordetzen dut materiala. Orain, gainera, irratian ere kolaborazio batzuk egiten hasi naiz, Hiru Erregen Mahaian, Txexu Urbietarekin batera. Imitazioak egiten ditut han, umorea klabean.

Ekain Txourekin jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Noski, ahal dudanera arte. Katxiporretak esaten didan arte Haizearen herrira ikuskizunarekin jarraituko dut. Ez dakit beraiek ze asmo dituzten, baina bitarte horretan nire ikuskizunarekin jarraituko dut, baita sorkuntza lanarekin ere. 

Zergatik joan behar dute herritarrek bihar Soreasura Haizearen herrira ikustera?

Biharkoa ez da Pirritxen, Porrotxen eta Marimototsen ikuskizuna bezain jantzia, askoz ere sinpleagoa da. Baina gauza gutxi erabilita balore asko landu eta erakusten ditugulako hurbildu behar dute herritarrek ikuskizunera.

Mezuren bat ikusleentzat?

Ez dutela Ekain ikusi ere egingo, Lore nolakoa den ikusiko dutela. Eta bizitzan behingoagatik Ekainek bake pixkat emango duela oholtza gainean, Lore izango delako Soreasuko estenatokira igoko dena.