Ikasberriko danborradako taldeak Laudion izan dira

Uztarria.eus 2017ko api. 28a, 16:53

Azken urteetan bezala, ostegunean, apirilaren 27an, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko taldeen danbor hotsak entzun ahal izan ziren Laudion; izan ere, Laudioko ikastolarekin elkarlanean, San Prudentzio festak ospatzeko han egiten duten danborradan parte hartu zuten Ikasberriko ikasleek (argazkian). 

Ikasberritik adierazi dutenez, "Euskal Herri mailan, ikastolok dugun harreman sarearen baitan antolatzen ditugun ekintzetako bat da parte hartze hau, beste hainbat herritako ikastolekin egiten ditugun elkartrukeekin batera, hala nola Hazparne, Lizarra edo Tutera". Egunotan Tuterako Ikastolako ikasleak Azpeitian izan direla azaldu dute Ikasberritik, bertako ikasleekin eta beraien familiekin egun batzuk pasatzen, herria naiz inguruak ezagutzen. 

(Argazkia: Ikasberri Azpeitiko Ikastola)