Euskal Herriaren burujabetza ekonomikoaz eta politikoaz aritu dira LABeko eta ELAko ordezkariak

Uztarria.eus 2017ko api. 27a, 18:01
Atzoko solasaldian hartutako irudia.

Xabi Anza ELA sindikatuko Batzorde Eragileko kidea eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia aritu ziren hizketan atzo, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean. herriko Gure Esku Dago-k antolatu zuen saioa.

Azpeitiko Gure Esku Dago-k antolatuta, Ukazioaren beste aldea. Euskal esparru sozioekonomikoaren egoera eta erronkak. Guk erabaki! solasaldia izan zen atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Xabi Anza ELA sindikatuko Batzorde Eragileko kidea eta Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia aritu ziren hizketan, eta Enekoitz Esnaola kazetari azpeitiarrak egin zituen moderatzaile lanak.

Hainbat gai izan zituzten mintzagai hizlariek; besteak beste, nabarmendu zuten burujabetza ekonomikoa lortuz gero, errazagoa izango dela burujabetza politikoa lortzea, alderantziz baino. Politika "neoliberala" salatu zuten biek, eta "alternatibak" aldarrikatu. Esaterako, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna laudatu zuten, bertako edukiengatik, eredu bateratua izateagatik, mobilizazioengatik eta bitarteko estrategikoa izan daitekeelako.

Burujabetza politiko baten beharra dagoela esan zuten Etxaidek eta Anzak, eta zehaztu prozesu horrek soziala izan behar duela.

ELAren eta LABen arteko balizko lankidetzaz, biek zioten saiatuko direla hori lortzeko, baina behetik egin beharreko lan bat izan beharko duela, ez zuzendaritzetatik egindakoa soilik. Izaera sozialeko burujabetza prozesu baterako, LABez eta ELAz gain beste eragile batzuk ere ezinbestekoak izango direla adierazi zuten.

60 lagun pasatxo azaldu ziren solasaldira.