Langabetuak lan mundura hurbiltzeko Lanzituz programa abiatu du Iraurgi Berritzenek, hirugarrenez

Uztarria.eus 2017ko api. 27a, 18:40

Proiektuaren helburua da langabetuen lan munduratzea, Lan Sozietateak eredu hartuta. Maiatzean hasiko da ikastaroa eta langabetuei zuzenduta egongo da. Maiatzaren 2an aurkeztuko dute programa, informazio zabalagoa emateko. 

Iraurgi Berritzen, Azpeitia eta Azkoitiako Garapen eta Berrikuntza agentziak, Lanzituz proiektua jarri du martxan hirugarrenez, langabetuak lan mundura murgiltzeko xedearekin, Lan Sozietateak eredu hartuta.

Proiektuaren sustatzaileek azaldu duenez, Urola Erdiko langabetuek beraien negozio propioa martxan jartzerako orduan kontuan eduki behar dituzten pausoak zein diren azaldu nahi dute Lanzituz programarekin. Horrez gain, ekintzaileen proiektuen bideragarritasunaren azterketak egingo dituzte ikastaroan zehar. 

Maiatzean hasiko da Lanzituz programa, eta hiru asteko iraupena izango du. Saioak 09:30etik 13:30era izango dira, eta langabetuei bideratuta egongo dira. Programaren inguruko xehetasunak eta informazio osatuagoa emateko, ikastaroaren aurkezpena egingo dute maiatzak 2an, Azkoitiko Intsausti Jauregian.

Informazio gehiago jaso nahi duenak 943 85 11 00 telefonora deitu daiteke, edota ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi.