Aizkoran eta korrika marka ahalegina egingo du Arria V.ak igandean, zezen plazan

Uztarria.eus 2017ko api. 27a, 17:10
IƱaki Aranaga aizkolariaren laguntzailea, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko zinegotzia, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Excabaciones Peru enpresako Felix Perurena, gaur Azpeitiko zezen plazan eskaini duten prentsaurrekoan.

Joxe Aierberen 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundoko marka ontzen saiatuko da Xabier Orbegozo Arria V.a igandean Azpeitiko zezen plazan, 11:30ean hasita. Kana erdiko 20 enbor ebaki eta 20 kilometro lasterka egingo ditu. Sarrera 25 euro ordaindu beharko da.

Xabier Orbegozo Arria V.ak marka ahalegina egingo du igandean, Azpeitiko zezen-plazan, 11:30ean hasita. Joxe Aierbek 1976an Gasteizen aizkoran eta korrikan egindako marka ontzea da errezildarraren helburua. Aierbek 2 ordu, 9 minutu eta 39 segundo behar izan zituen orain dela 41 urte, kana erdiko 20 enbor ebaki eta 20 kilometro lasterka osatzeko. Lanak denbora horren azpitik egitea izango da, beraz, Arriaren erronka. Gaur zezen plazan eskaini duen prentsaurrekoan Orbegozok adierazi du marka saiakerarako "prestaketa lanak egiten ahalegindu" dela hilabeteotan, eta "guztia prest" dagoela iganderako. 

Lan berdina egin zuen iazko azaroaren 20an errezildarrak, Tolosan, Kañamaresen eta Jauregiren kontra. Apustu hura galdu egin zuen Orbegozok: 2 ordu, 12 minutu eta 54 segundo behar izan zituen orduan (2:12:33 denborarekin irabazi zuen bikoteak). Desafio hartan egindako lanarekin "gustura ez" zela geratu adierazi du. Bikotearen kontra neurtu izanak "polemika pixka bat sortu" zuela dio. "Marka ontzera erbiekin joan nintzela entzun behar izan nuen, baina Julen Kañamaresen eta Arkaitz Jauregiren kontra aritzea "lagungarri baino kalterako" izan zela gaineratu du. "Kañamares ni baino azkarrago joan zen korrikan, eta nik erritmoa galdu egin nuen. Ez genuen asmatu horretan, eta uste dut bakarrik lan hobea egin dezakedala". 

Materiala eta eguraldia, gakoak

Halako desafio bat antolatzeko, aizkolariak bueltan "laguntzaile talde handia behar" duela dio Orbegozok: "Kalitatezko egurra inguratzeak ikaragarrizko lana du, eta Frantziako eta Nafarroako hainbat mendi pasatu ditugu material egokia aurkitzeko". Materialaz gain, eguraldiak ere "garrantzia handia" duela gaineratu du. "Igandean zer giro egingo duen ez dago gure esku, baina 16 graduren bueltan egitea litzateke aproposa. 20 gradutik gora dezente eragiten du giroak kirolariaren errendimenduan. Euri langar pixka bat egitea ere ez legoke gaizki, freskagarri bezala".

Aizkora eta korrika, hain kirol desberdinak uztartzea "lan zaila eta gogorra" dela adierazi du Azpeitian bizi den errezildarrak, baina bere buruarengan badu konfiantza Aierberen marka hausteko gai dela. "Ez da lan makala izango; ataundarraren marka hausteraz segundo kontua izango da, eta gauza guztiak ondo egin beharko ditut. Aizkoran ari naizela adarra ateraz gero, ez da ezer ere behar bi minutu galtzeko, eta horiek gero korrika errekuperatzea oso zaila izango da".

Marka ahalegina, arriatarren sorterrian

Halako marka ahaleginek duten gastuari aurre egiteko, Anoetako Excavaciones Peru enpresarekin egin du hitzarmena Arria V.ak. Azpeitian marka ahalegina egin ahal izateko: babesleak 3.000 euro emango dizkio kirolariari marka saiakeragatik; eta beste 3.000, lanak 2 ordu eta 10 minutu azpitik egiten baditu. Peru enpresak Aierberen denbora ontzeko aukera eskaini zionean proba non egin "zalantzarik ez zuela egin" iadierazi du kirolariak: "Arriatarren sorterria da Azpeitia. Aita eta attitte azpeitiarrak nituen, Azpeitian zegoen garai batean Arria baserria, eta ahalegina Azpeitiko zezen plazan egitea nahi nuen".

Azpeitiko Udaleko zinegotzi Estitxu Elduaienek adierazi du "pozgarria" dela Orbegozok marka saiakera herriko zezen plazan egitea erabakitzea. "Duela hilabete batzuk jarri zen gurekin harremanetan, eta Azpeitiko udalak ahalegina egin du baliabide eta material guztia aizkolariaren eskura jartzeko. Zezen plaza herri kiroletarako berreskuratzea da udalaren helburua, eta zentzu horretan pozgarria da Arria bezalako kirolariek halako desafioak hemen egin nahi izatea".

Aizkora eta korrika uztartuz, Xabier Orbegozo Arria V.aren marka saiakera ikusteko 25 euro ordaindu beharko da. Aizkolaria korrika ari den bitartean, Aimar Irigoien eta Goenatxo III.a harri jasotzaileek erakustaldia eskainiko dute.