Bihar itxiko da kultur sorkuntzarako bi tailerretan eta nekazaritzarako ikastaroan izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko api. 27a, 13:50
Argazkilaritza digitalaren edizioa izango da eskainiko duten ikastaroetako bat (UEU).

Maiatzean zehar eskainiko dituzte kantugintza tailerra, argazkilaritza digitaleko edizioaren inguruko ikastaroa eta produktu fitosanitarioen aplikatzailearen oinarrizko tailerra. Izen-ematea ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 71 92 telefonora deituta egin daiteke.

Bihar, hilak 28, itxiko da kantugintza tailerrean, argazkilaritza digitaleko ediozoaren ikastaroan eta produktu fitosanitarioen aplikatzailearen oinarrizko ikastaroan izena emateko epea. Kultur Mahaiak, Azpeitiko Argazki Elkarteak, Urkomek eta Udalak antolatu dituzte ikastaroak, eta maiatzean zehar eskainiko dituzte, UEUren eta Fraisoro Eskolaren eskutik. Tailerretan parte hartzeko izen-ematea ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 71 92 telefonora deituta egin daiteke.

Ikastaroen inguruko xehetasunak

Argazkilaritza digitaleko edizio tailerra maiatzaren 8an hasi eta 12ra bitartean eskainiko dute, 18:00etatik 20:00etara, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan. Bertan, argazkilaritza digitalaren edizioaren oinarrizko kontzeptu teoriko eta teknika praktikoak azalduko ditu Esther Gamito argazkilari eta diseinatzaile grafikoak. Izena ematen duten herritarrek tonua, kolorea, argitasuna, tenperatura, kontrastea, mailak, kurbak eta mozketa eta konposaketa landuko dituzte, besteak beste. Saioak praktikoak izango dira eta irakasleak azalpenak ematen dituen bitartean, ikasleek beren ordenagailuetan adibideak landuko dituzte. Azpeitian erroldatuta dauden pertsonek 15 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta gainerakoek 18,75 euro.

Gure imajinarioa kantugintzaren bitartez ikastaroa, berriz, Rafa Ruedak eta Gotzon Barandiaranek eskainiko dute. Bertan, zenbait kantari eta musika taldek kantuetarako erabili dituzten testuak eta kantari eta poeten arteko harremanak aztertuko dituzte. Hala, idazleak, musikariak, testuingurua eta ondorioak aztertuko dituzte. Saioak maiatzaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Dinamoan. Azpeitian erroldatuta daudenek 18 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta 22,5 euro gainerakoek.

Produktu fitosanitarioen aplikatzailearen oinarrizko ikastaroari dagokionez, nekazari profesionalei zuzenduta dago. Beraz, nekazaritza-txartela dutenek edo produktu fitosanitarioak lanean erabiltzen dituztenek hartu ahal izango dute parte bertan. Asistentziak %90koa izan beharko du, eta ikastaroa amaitzean parte-hartzaileek azterketa egingo dute. Saioak maiatzaren 15ean, 16an, 17an, 18an, 22an eta 23an eskainiko dituzte, Sindikatu Zaharreko 1 solairuan, 15:00etatik 19:00etara. Azpeitian erroldatuta dauden pertsonek 27 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainerakoek 32,5 euro.