Azpeitia final zortzirenetan hasiko da Gipuzkoako Herriartekoaren txapela defendatzen

Uztarria.eus 2017ko api. 27a, 12:02
Atzo aurkeztu zuten 2017ko Herriartekoa, Donostian. Bertan izan ziren Azpeitiko ordezkariak.

Maiatzaren 21ean jokatuko dute pilota txapelketako lehengo partida azpeitiarrek. Zuzenean final zortzirenetan sartuko dira lehian Ilunpeko pilotariak, eta Tolosa izango dute aurkari. 

Ate joka dago Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa, eta aurtengoan ere Azpeitiak ordezkaritza izango du. Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Herriartekoa Donostiako Kirol Etxean, eta txapelketaren aurkezpena egiteaz gain jokatuko diren partiden zozketa egin zuten. Bertan izan ziren txapelketan parte hartuko duten herrietako ordezkariak eta pilotariak, tartean Azpeitikoak. 

Maiatzaren 7an hasiko da txapelketa, baina Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek maiatzaren 21ean jokatuko dute pilota txapelketako lehengo norgehiagoka. Izan ere,  zozketak hala erabakita, zuzenean final zortzirenetan sartuko dira lehian Ilunpeko pilotariak, eta Tolosaren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Lehen partida, etxetik kanpo jokatuko dute Ilunpeko ordezkariek, maiatzaren 21ean. Itzulerako partida, aldiz, maiatzaren 28an izango da, Frontoi Txikin. Txapelketako finala uztailaren 1ean izango da.

Ilunpek aurreratu duenez, partiden datak gerturatzen joan ahala jakinaraziko dute partidak jokatuko dituzten pilotarien zerrenda. Herriartekoan, kadete, jubenil eta senior mailako bikote banarekin lehiatzen dira parte hartzen duten herriak.

Iaz bosgarren aldiz irabazi zuen Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Astigarraga 3 eta 0 mendean hartuta.  2004an, 2008an2010ean, 2015ean eta 2016an jantzi du Azpeitiak Herriartekoaren txapela. Horrez gain, 2008an eta 2015ean Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa ere irabazi zuten Azpeitiko pilotariek.