Miren Garate kazetariak 'Ekaitzaren zipriztinak' liburua aurkeztu du gaur

Uztarria.eus 2017ko api. 26a, 23:37

Gaur, asteazkena, Donostiako Elkar aretoan aurkeztu du Miren Garate kazetariak (Azpeitia, 1985) Ekaitzaren zipriztinak liburua. Tene Mujika beka irabazi zuen iaz azpeitiarrak, eta urtebete izan du liburua osatzeko. "Krisia esaten zaion horren" errepasoa egin du Garatek kronika-liburuan.

Liburua osatzeko, hogei hitz aukeratu ditu egileak, alfabetoaren arabera ordenatuta, eta honako gai hauek jorratu ditu testigantzen eta erreportajeen bidez: atzerrira joandakoak; berdintasunean krisiak nola eragin duen; dibertsitate falta edo zenbait kolektibok lan merkatuan sartzeko dituzten zailtasunak; ekintzailetza; finantzei lotutako engainuak; gazteen arazoak; hartzekodunen konkurtsoak eta enplegua erregulatzeko espedienteak; ikerketa eta garapenaren egoera; janari bankuak; kontsumoa; lanuzteak; mobbing-a; nekazaritzaren etorkizuna; osasun arazoak; prekarietatea; Stop Kaleratzeak elkartea; teknologia aurrerapenek ekar dezaketena; unibertsitatea; xenofobia jarrerak; zahartzaroa eta pentsioak.

Elkar argitaletxearen Youtubeko kanalean ikus daitezke gaurko aurkezpeneko bideoak. Honako bideo honetarako, berriz, liburuaren aurkezpen laburra egin du Garatek.