Asmatu faseari ekin diote, Karmelo Etxegaraiko HHko jolastokia eraberritzeko prozesuan

Uztarria.eus 2017ko api. 26a, 19:58

Euskal Herria kaleko Haur Hezkuntzako eraikinean jolastokia eraldatzeko prozesua abian jarri zuten Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Udalak. Orain, Elkartoki proiektuarekin batera, parte-hartze prozesuko aurreneko urratsa egin dute, eta Asmatu faseari ekin diote. Bertan, Elkartokiko kideak Karmelo Etxegaraiko hainbat gurasorekin bildu dira, haien ekarpenak jaso eta proiektuari forma ematen hasteko. Prozesuan izena eman duten gurasoen lan-taldeak jolastokiak izango dituen eremuen eta egingo diren jardueren arabera antolatu dira. Esperimentazio guneak, eskalada gunea, baratze eta margoketa guneak izango dira, besteak beste. 

Esperimentazio gunea taldeak patioaren beheko eta goiko eremuetan egongo diren bi espazioak diseinatuko dituzte; urarekin jolasteko edota material ezberdinak ukitzeko baliatuko dituzten guneak, hain zuzen. Eskalada taldeak, jolastokiko horma batean jarriko den eskalatzeko eremua diseinatuko du.

Jolastokia taldeak, berriz, patioaren beheko eta goiko eremutan egongo diren beste bi eremu diseinatuko ditu. Baratze eta Margoketa taldeak eskola baratzea diseinatu eta zoruko margoen formak eta koloreak pentsatuko ditu. Orain, Carolina Mera artistarekin elkarlanean hasiko dira Asmatu fasean parte-hartzen ari diren gurasoak.