Nahia Etxeberriak eta Haizea Urangak Realarekin jokatu dute

Uztarria.eus 2017ko api. 26a, 17:35
Etxeberria eta Uranga Realarekin aritu ziren asteburuan. (Lagun Onak)

II. Nescup infantil mailako futbol txapelketa izan zen joan den asteburuan Tolosan, eta bi azpeitiarrak Realarekin aritu ziren. Lagun Onakeko neskek ere parte hartu zuten txapelketan. 

Joan den asteburuan II. Nescup infantil mailako futbol txapelketa jokatu zuten Tolosan, eta maila horretako nesken zortzi talde aritu ziren lehian, tartean Lagun Onak. Baina Azpeitiko taldeaz gain, Nahia Etxeberria eta Haizea Uranga azpeitiarrak ere parte hartu zuten txapelketan, Realarekin.

Realak finalerako txartela lortu zuen, baina txapelketaren azken partidan ezin izan zuten Osasuna mendean hartu, 4 eta 0 nagusitu baitzen Nafarroako taldea. Lagun Onakek, berriz, ez zuen final laurdenetara sailkatzea lortu, lautik bi partida galdu baitzituzten Azpeitiko neskek. Lehen neurketa Tolosaren aurka jokatu eta 2 eta 0 galdu zuen Lagun Onakekoek, eta bigarrenean, Realarekin neurtu zituzten indarrak. Partida hura ere galdu egin zuten, 3 eta 0. Hirugarren eta laugarren norgehiagokak 2 eta 0 irabazi zituzten Azpeitiko neskek, Aurrera Vitoria eta Mulier taldeen aurka, hurrenez hurren.