Harrera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Sammic ISBri

Uztarria.eus 2017ko api. 26a, 15:04

Sammic ISBri harrera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur, asteazkena. Joan den zapatuan Saskibaloiko Espainiako Urrezko LEB ligara igo zen Sammic, eta horren harira izan da Iraurgiko taldea Foru Aldundiaren eskertza ekitaldian. Bertan izan dira Sammic-eko mutilak eta Maier Lizaso klubeko lehendakaria.  

Azpeitiko taldea ez ezik, gaurko ekitaldian izan dira Gipuzkoa Basketeko mutilak eta Donostia Basketeko neskak; izan ere, Sammic-ekin batera horiek ere Gipuzkoako saskibaloiaren gorenean daude. Gipuzkoa Basketek Urrezko LEB ligako txapeldunaren kopa jaso zuen zapatuan eta Endesa Ligara igotzeko txartela eskuratu du berriro. Donostia Basketeko neskek, aldiz, inoizko denboraldirik onena egin dute. Emakumeen Ligan play off-etara sailkatu ostean, finalerdien atarian gelditu ziren. 

(Argazkia: @gipuzkoabasket)