'Katalina de Erauso' pastoraleko kideak Azpeitian izango dira zapatuan

Uztarria.eus 2017ko api. 26a, 14:21
‘Katalina de Erauso’ pastoralaren emanaldi bat, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. (Argazkia: Sahatsa)

Sahatsa Dantza Taldeko kideek Baionako Katalina de Erauso Elkartearekin elkarlanean Katalina de Erauso pastorala prestatzen aritu ziren iaz, eta ekainean ikuskizuna taularatu zuten. Orain, Baionako dantzariak Azpeitian eta Azkoitian hartuko dituzte. 

Datorren zapatuan, apirilaren 29an, Azpeitian eta Azkoitian izango dira Katalina de Erauso pastoraleko kideak, Sahatsa Dantza Taldeko dantzariak bisitatzen. 12:00etan harrera egingo diete Baionako lagunei Azkoitiko Intsausti Jauregian, eta, ondoren, Azkoitiko kaleetan ibiliko dira. 13:00etan hasiko duten txikiteoan, dantza egiteaz gain, hainbat kanta abestuko dituzte. Ondoren, Joseba Jatetxean bazkalduko dute partaideek, eta, arratsaldean, Loiola ezagutzera joango dira. Iluntzean Azpeitian izango dira, eta bertan beste hainbat kanta eta dantza eskainiko dituzte.

Sahatsa Dantza Taldeko kideek Baionako Katalina de Erauso Elkartearekin elkarlanean Katalina de Erauso pastorala prestatzen aritu ziren iaz, Sahatsaren 40. urteurrenaren harira. Joan den ekainean taularatu zuten ikuskizuna aurrenekoz, Baionan. Irailean, aldiz, Donostian eskaini zuten pastorala.