Dagoeneko izena eman daiteke Azpeitia eta Hazparne oinez lotzen dituen egitasmoaren 5. etapan

Uztarria.eus 2017ko api. 25a, 20:21
Hondarribiatik Sarara arteko ibilaldiko irudia. (Lagun Onak MB).

Maiatzaren 6an izango da ibilaldia. Bertan izena ematen duten herritarrak autobusez joango dira Sarara, eta handik oinez abiatuko dira Kanbora. Etapa erdia (15 kilometro) egiteko aukera izango da, Pinudietako leporaino. 

Azken txanpara iristear dago Azpeitia eta Hazparne oinez lotuko dituen sei ibilaldien egitasmoa, eta bosgarren etapak badu data: maiatzaren 6a. Gaur, asteartea, zabaldu du Lagun Onak Mendi Bazkunak Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoaren azkenaurreko txangoan izena emateko epea. 

Bosgarren etapa Saran abiatuko da eta Kanbon amaitu. 26 kilometro izango ditu. Ibilaldian izena ematen duten herritarrak autobusez joango dira Sarara, eta horretarako hitzordua 07:00etan jarri dute, anbulatorioan. Behin Sarara iritsita, ibilbideari ekingo diote. Pinudietako lepoan (Ainhoa) Hazparneko lagunek prestatutako hamaiketakoa egingo dute txangoan izena ematen dutenek. Ondoren, berriro ibiltzen jarraituko dute Kanbo herrira iritsi arte. Bidean bazkaltzeko tartea hartuko dute. Norberak eraman beharko du bazkaria. Aurreko etapan bezala, ibilbide erdia egiteko aukera egongo da, Pinuedietako leporaino (15 kilometro).

Azken etapa, gertu

Ekainaren 4an emango diote amaiera urtarrilean abiatu zuten egitasmoari, Hiru Zango Egunarekin. Hara joateko ere izena eman beharko da aurrez, eta horren berri data gerturatzen joan ahala emango dutela aurreratu dute Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek.