36 urte eta gero, agurrik gozoena

Uztarria.eus 2017ko api. 25a, 17:10
Joxemari Kortadi eta Lourdes Olaizola, Olakor gozotegiaren aurrean.

Urtez luzez lanean aritu ostean, Olakor gozotegiari agur esateko erabakia hartu dute Joxemari Kortadik eta Lourdes Olaizolak. Baina urte horietan guztietan euren negoziotik igaro diren bezeroei eskerrak eman nahi izan dizkiote aurrez, eta honako mezua igorri dute Uztarriara: 

"36 urtez Olakor gozotegian lanean aritu ostean, Joxemarik eta Lourdesek agur esan nahi dizuegu urte luze hauetan bezero izan zaituztegun guztioi, zuek erakutsitako fideltasun eta konfiantza bihotzez eskertuta.

Halaber, eskerrak eman nahi dizkizuegu urte hauetan guztietan gurekin batera lanean eta proiektu honen parte izan zareten lagunoi, bereziki, zuei: Itziar, Pili eta Marian.

Pozgarria izan da gurean izan zareten askoren eta askoren ahoak eta bihotzak gozatzea. Plazera izan da, benetan. Mila esker!".