'Ekaitzaren zipriztinak' liburua aurkeztuko du Miren Garatek, bihar

Uztarria.eus 2017ko api. 25a, 15:11

Hogei gaitan banatuta, "krisia esan zion horren" errepasoa egin du kazetariak. Tene Mujika beka irabazi zuen joan zen urtean, eta urtebetean gauzatu du proiektua. 

Miren Garate kazetari azpeitiarrak Ekaitzaren zipriztinak liburua aurkeztuko du bihar, Donostiako Elkar aretoan (Fermin Calbeton Kalea, 21). Tene Mujika beka irabazi zuen iaz, eta urtebete izan du proiektua osatzeko. "Krisia esan zaion horren" errepasoa egin du Garatek kronika-liburuaren bidez. "Ez ditu zergatiak bilatzen, ez irtenbideak proposatzen: gizartean utzitako ondorioetan zentratzen da, gogorrago ala leunago guztiok harrapatu baikaitu zaparradak", adierazi du Elkar argitaletxeak.

Hogei hitz aukeratu ditu egileak, alfabetoaren arabera ordenatuta, honako gaiak jorratu ditu testigantzen eta erreportajeen bidez: atzerrira joandakoak; berdintasunean krisiak nola eragin duen; dibertsitate falta edo zenbait kolektibok lan merkatuan sartzeko dituzten zailtasunak; ekintzailetza; finantzei lotutako engainuak; gazteen arazoak; hartzekodunen konkurtsoak eta enplegua erregulatzeko espedienteak; ikerketa eta garapenaren egoera; janari bankuak; kontsumoa; lanuzteak; mobbing-a; nekazaritzaren etorkizuna; osasun arazoak; prekarietatea; Stop Kaleratzeak elkartea; teknologia aurrerapenek ekar dezaketena; unibertsitatea; xenofobia jarrerak; zahartzaroa eta pentsioak.