Iragarri dituzte XXXV. Euskal Antzerki Topaketetarako kartel lehiaketaren oinarriak

Uztarria.eus 2017ko api. 24a, 13:07
2017ko Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa deitzeko erabili duten irudia.

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 2tik 31ra izango da. Aurkeztutako lan guztekin erakusketa egingo dute ekainaren 9tik 18ra, Udal erakusketa aretoan. Epaimahaiak uztailean erabakiko du lehiaketaren irabazlea, eta 900 euroko saria jasoko du.

Dagoeneko jakinarazi dituzte 2017ko XXXV. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketaren oinarriak. 2017ko edizioan beren antzezlana aurkeztu eta taularatu nahi duten taldeentzat proiektuak aurkezteko epea martxan den bitartean -apirilaren 28an bukatuko da-, aurtengo Topaketen irudia aukeratzeko egingo duten kartel lehiaketaren epeak eta oinarriak ere prest ditu Azpeitiko Udalak.

Maiatzaren 2tik 31ra aurkeztu ahal izango dira udaletxean lehiaketarako kartelak. Aurkeztutako lan guztiak ikusteko modua izango da ekainaren 6tik 19ra Udalaren erakusketa aretoan (Foruen Pasealekua 7) egingo den erakusketan. Uztailean jakinaraziko du epaimahaiak zer irudi aukeratu duen. Irabazleak 900 euroko saria eskuratuko du. 

Lehiaketaren oinarriak

XXXIV. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketaren oinarriak hauek dira:

  1. Nahi duen edonork har dezake parte. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkez ditzake.
  2. Lan horiek edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  3. Kartelek, nahi eta nahi ez, argitaragabeak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak, eta lanaren egileak izango du erantzunkizun osoa baldintza hau ez betetzearen ondorioz gerora gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
  4. Lanak ondorengo neurrietan aurkeztu beharko dira: 450 mm x 680 mm (zabal x altu).
  5. Lehiaketara aurkeztuko diren kartelek, nahi eta nahi ez, edizio bakoitzari dagokion izenburua eraman beharko dute goiburuan: kasu honetan, Azpeitia, XXXIV. EUSKAL ANTZERKI TOPAKETAK, 2016ko UDAZKENA.
  6. Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira eta aparteko kartazal batean jarriko dira egilearen datu hauek: Jaiotze data, NAN eta herria; helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa.
  7. Lana aurkezteko epea urtetik urtera aldatu egin daiteke. Hori dela eta, edizio bakoitzerako deialdia behar den moduan jakinaraziko da. Horrez gain, epaimahaiak erabakia emango duen eguna ere modu egokian jakinaraziko da.
  8. Lanak helbide honetara bidali beharko dira. Azpeitiko Udala - Kultura Saila: Plaza Nagusia, 5 - 20730 Azpeitia. Edozein argibidetarako, 943157068 telefonora deitu.
  9. Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du.
  10. Kartel irabazlea bakarrik sarituko da eta 900 euro jasoko ditu.
  11. Saririk lortzen ez duten lanak, epaimahaiak bere erabakia eman ondoreneko hilabeteko epean jaso beharko dira. Epe hori igarotakoan lana ez baldin bada jaso, egileak kartela Azpeitiko Udalaren esku uzten duela ulertuko da.
  12. Saria hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek ez balute behar adinako kalitate edo baliorik.
  13. Saria, edizio bakoitzaren amaiera ekitaldian emango zaio kartel irabazlearen egileari.
  14. Saritutako lana Azpeitiko Udalaren jabetzako geldituko da eta honek Antzerki Topaketetako edizio bakoitzaren garapena sustatzeko nahi duen edo egoki iritzitako erabilera eman ahal izango dio, kartel irabazlea bihurtuko baita edizio bakoitzaren sustapenerako oinarrizko ardatz.
  15. Sarituak izan ala ez, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak jendeaurrean jarriko dira Azpeitian, Udalaren Kultura sailak ekainaren 9tik 18ra antolatuko duen erakusketa batean, deialdiaren epea amaitu ondoren eta epaimahaiak bere erabakia eman aurretik.
  16. Ez dira onartuko oinarri hauek betetzen ez dituzten edo baldintza hauetara egokitzen ez diren lanak.
  17. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla adierazi nahi du.
  18. Epaimahaiak erabakiko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztiak eta honen erabakia apelaezina izango da.