Eguraldia lagun, hasi da alebin mutilen Azpeitia Cup

Uztarria.eus 2017ko api. 21a, 21:17

Gaur, apirilak 21, eman diote hasiera aurtengo alebin mutilen Azpeitia Cup txapelketari. Eguraldia lagun, jende ugari hurbildu da Garmendipeko zelai artifizialera partidak ikustera. Igandera arte luzatuko da txapelketa.

Zortzi multzotan banatuta ekin diote taldeek sailkapen faseari; bosna taldeko bost multzo eta seinako hiru daude. Gaurkoan lau multzok jokatu dituzte partidak, eta bihar beste lauk. Bihar, zapatua, 09:00etan ekingo diote berriro txapelketari eta azken partida 19:00etan izango da. Multzo bakoitzeko lehendabiziko bi taldeak izango dira, sailkapen fasean aurrera eginez, igandeko azken jardunaldian lehiatzeko aukera izango dutenak; hamasei, guztira. Igandean, hilaren 23an, launa taldeko lau multzotan banatuta jokatuko dute, eta multzo bakoitzeko txapeldunek lortuko dituzte ekainean lehiatzeko txartelak. 09:30etik 15:00etara jokatuko dituzte partidak igandean.

43 taldek eman dute izena aurtengo alebin mutilen Azpeitia Cup txapelketan, eta horietatik lau bakarrik izango dira ekainaren 9tik 11ra jokatuko den azken fasean lehiatzeko txartela eskuratuko dutenak.

Talde gehienak –35 talde, alegia– Euskal Herrikoak dira: Arabakoak 6, Bizkaikoak 8 eta Gipuzkoakoak 21. Azken horien artean, berriz, 13 dira Urola Kosta eskualdekoak: Lagun Onak, etxeko kluba, lau talderekin ari da parte hartzen; Azkoitiko Anaitasunak hiru izango ditu lehian; Zumaiakok bi talde aurkeztu ditu; eta Zarauzko eta Orioko talde bana ariko da Azpeitiko txapelketan. Espainiako zortzi taldek osatuko dute parte hartze zerrenda: Errioxako eta Kantabriako launa taldek.

(Argazkiak: Nerea Uranga)