Saltoki iraunkorra, sukaldea eta era askotako ekintzak egiteko espazioa izango ditu azoka plaza berrituak

Uztarria.eus 2017ko api. 21a, 15:12
Azoka plazaren eraikina obretan.

Beheko solairuaren alde batean, Elikagunea saltoki iraunkorra jarriko dute. Hori Azpeitiko, eskualdeko eta, oro har, Euskal Herriko produktuak saltzeko izango da. Horrez gain, sukaldea ere egongo da jakiak prestatzeko eta ikastaroak egiteko. Obrak bukatutakoan, lehiaketa publikora aterako dute kudeaketa. Bestalde, erabilera anitzerako 450 metro koadroko espazioa egongo da, stock eta artisau azokak edo bestelako ekintzak egiteko. 

Aurrera doaz azoka plaza berritzeko lanak, eta eraikinaren itxura aldatzea ez ezik, bertako edukia ere berritu nahi izan du Azpeitiko Udalak, "tokiko ekonomia sustatzeko gunea" izan dadin. 

Azoka plaza berrituak bi espazio izango ditu nagusiki beheko solairuan. Alde batetik, 150 kilometroren bueltan ekoiztutako elikagaiak salduko dituen Elikagunea saltoki iraunkorra egongo da. Bertan, Azpeitiko, eskualdeko eta, oro har, Euskal Herriko produktuak salduko dituzte. Elikagunearen barruan, sukaldea egongo da, eta bertako lehengaiekin egindako plater ez industrial ontziratuen obradorea izango da. Plater prestatu horiek saltoki iraunkorreko hozkailuetan egongo dira salgai. Horrez gain, Elikaguneko sukaldearen bueltan, ikastaroak, hitzaldiak eta dastaketak antolatuko dituzte, besteak beste.

Bestalde, bertako ekoizleen elikagaiei balioa emateko gunea egongo da Elikagunean, zuzeneko sukaldaritzaren bidetik (showcooking). Udalaren helburua da, azoka plaza "bertako produktuak erosteko gunea izateaz gain, horien sustapenerako, ezagutzarako eta bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko lekua izatea".

Orain arte, herriko hainbat eragile, Udalarekin batera, gune hori nolakoa izango den, zein helburu eta betebehar izango dituen eta zertarako izango den zehazten aritu dira. Horretarako aholkularitza ere izan dute, eta gunearen diseinua eta proiektua ere eginda daudela aurreratu du Udalak. Behin horiek zehaztuta, obren azken fasea abiatuko dute: gunea eraikitzea eta lehiaketa publikora ateratzea.

Saltoki iraunkorraz gain, beste espazio bat ere egongo da, 450 metro koadroko espazio diafano multifuntzionala, askotariko ekintzak egiteko. Hala, produktuen aurkezpenak, herri bazkariak, stock azokak... egiteko espazioa izango da. Elikagunean zein erabilera anitzeko espazioan egiten diren ekintza guztiak agenda batean jasoko dituzte. 

Funtzionamendu ezberdina xede

Azoka plaza berrituaren funtzionamendua ez da aurrez zegoenaren berdina izango; izan ere, espazio horretan baserritarren ohiko postuak egoteaz gain, "mota ezberdinetako ekintzak jasoko dituen gunea izatea" lortu nahi du Udalak. Horretarako, azken hilabeteetan eragile sozial, kultural eta ekonomikoekin hainbat bilkura egin ditu. Agendaren azken azalpenak emateko eragile sozial eta ekonomikoekin azken bilerak egingo ditu Udalak.

"Ibilbide osoan ondoan izan ditugu herriko eragile asko, ibilbide aberasgarria izan da benetan, eta eragileei egindako ahalegina eta egindako ekarpen guztiengatik eskerrak eman nahi dizkiegu", esan du Josu Labaka zinegotziak. Horrez gain, "proiektua denen artean" erabaki dutela esan du, eta "hemendik aurrera "eraiki ere denon artean" egin behar dela adierazi du Labakak.