Olatz Aranguren: "Pasatu zena iragana den arren, ikertu egin behar da"

Gipuzkoako Hitza 2017ko api. 21a, 13:16
Olatz Aranguren. (Ane Olaizola)

1766ko Gariaren Matxinada bertatik bertara ezagutzeko ibilaldi gidatua egingo dute bihar Azpeitian eta Azkoitian, 10:00etatik 12:00etara. Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Maxixatzen euskara elkarteak antolatu dute ibilaldia, eta Olatz Aranguren Juaristik (Azpeitia, 1978) gidatuko du. Azkoitiko Egurbideko ola baserritik abiatuko dira, eta Azpeitiko 1766ko Matxinada kalean amaituko dute; tartean, matxinadan zeresana izan zuten txokoetako gertakariak ezagutuko dituzte bisitariek. 30 lagunek hartuko dute parte.

Nola heldu zitzaizun ibilaldia gidatzeko proposamena?

Orain dela urtebete inguru, matxinadaren urteurrena zela medio, historialari batzuek hainbat hitzaldi eman zituzten Sanagustin kulturgunean. Hari horri tiraka, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Maxixatzen elkarteak ikusi zuten polita izango zela ingurura bisita egitea. Izan ere, herrira zabaldu nahi zuten gaia. Bisita neuk egiteko proposatu zidaten, eta hasieran zalantza egin nuen onartu edo ez; izan ere, Aro Garaikidean nago espezializatuta, eta ni baino gehiago zekien jendea bazegoela ikusten nuen. Egia da, ordea, irakaslea naizela EHUn eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta EHUko Gizarte Zientzien Didaktika Sailean ere banabilela. Esperientzia hori guztia aintzat hartuta, ekarpena egin nezakeela pentsatu, eta proposamena onartzea erabaki nuen, betidanik interesatu izan zaidalako gai hori. Erronka da niretzat; horrelako egoeren aurrean ikusi nahi dut neure burua.

Noiz entzun zenituen lehenengo aldiz matxinadaren inguruko kontuak?

Gogoan daukat ikasle garaian matxinadari buruz egin nuela lan bat. Betidanik izan dut jakin-mina. Irakurrita daukat matxinadari buruz idatzita dagoen guzti-guztia. Gaia menderatzen dudan arren, ibilaldira etortzen den jendeak parte hartzea nahi dut, eta, informazio gehiago badute, ongi etorria izango da.

Zein ibilbide egingo duzue?

Azkoitiko Egurbide ola baserrian hasiko gara; matxinadaren arrazoiak azalduko ditut han. Azkoitiko Alde Zahar aldera joango gara gero, eta matxinadaren garapena azalduko dut plazan. Parroki aldean jarraituko dugu, eta Intsausti jauregira igaroko gara ondoren; izan ere, hango zalduntxoek sustatu zuten merkataritzaren garapena eta liberazioa. Loiolara joko dugu jauregitik, santutegia egiten ari baitziren garai hartan. Azpeitian, berriz, Alde Zaharrera joango gara lehenengo, eta herriko plaza eta Basazabal etxea bisitatuko ditugu, besteak beste. Besteren artean, matxinada zergatik gertatu zen, nola gertatu zen eta zein ondorio izan zituen azalduko dut ibilaldian.

Herritarrek badute 1766ko Matxinadaren berri?

Interesa dutenek, bai. Askotariko jendea dago herritarren artean. Interesa dutenek badituzte tresnak informazioa jasotzeko, baina egongo da ezer ez dakien jendea ere. Garai batean pasatutako kontuak direla-eta, jendeak ez du hautsik harrotu nahi izaten. Baina hori ez da bidea. Pasatu zena iragana den arren, ikertu egin behar da. Mekanismo batzuk errepikatu egiten dira, nahi edo ez.

Elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.