Errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbitea luzatu du Udalak

Uztarria.eus | Euskara | Artikulua
2017-04-20 12:04

Iaz Azpeitian 7.541 errenta aitorpen aurkeztu ziren, eta horietatik 3.027 egin ziren euskaraz (%40,14). Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, "herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen" bultzatu nahi du Udalak.

Gipuzkoako Foru Aldundia 2017ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina hastear da, eta azken urteetan egin izan duen legez, azpeitiarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi ditu Udalak. Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainarekin, "herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen" bultzatu nahi dute. Izan ere, adierazi dutenez, "errenta aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da".

Urtez urte gora ari da egiten errenta aitorpena euskaraz egiten duten azpeitiarren kopurua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, iaz Azpeitian 7.541 errenta aitorpen aurkeztu ziren, eta horietatik 3.027 egin ziren euskaraz, %40a pasatxo.

Errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta Udalak azaldu duenez, "euskaraz egiteko ez aparteko zailtasunik".

"Errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da ", adierazi du Udalak. Urratsa "sendoa" izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea "beharrezkoa" dela diote, eta hautu horretan eragin nahi du aurtengo kanpainak, "euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere".

Hemen, azken urteotan Azpeitian euskaraz egin diren aitorpenen datuak:

  • 2008an: 2.027 aitorpen egin ziren euskaraz (%27,76).
  • 2009an: 2.227 aitorpen egin ziren euskaraz (%28,23).
  • 2010ean: 2.260 aitorpen egin ziren euskaraz (%29).
  • 2011n: 2.387 aitorpen egin ziren euskaraz (%30,52).
  • 2012an: 2.453 aitorpen egin ziren euskaraz (%31,86).
  • 2013an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz (33,83).
  • 2014an: 2.566 aitorpen egin ziren euskaraz. (%33,83)
  • 2016an: 3.027 aitorpen egin ziren euskaraz. (%40,14) 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa