Taldearen abesti esanguratsuenak gogora ekarrita, kontzertu berezia eskainiko du Eganek zapatuan, Sanagustinen

Uztarria.eus 2017ko api. 20a, 15:19
Xabier Saldias Eganeko abeslaria.

Emanaldi berezia 19:00etan hasiko da Sanagsutinen, eta taldearen kantarik esanguratsuenak abestuko dituzte. Euskal Telebistak antolatu du emanaldia, eta saioa grabatu egingo dute. Sarrera doan izango da, baina aurrez eskuratu behar dira gonbidapenak www.kulturaz.eus atarian edo Sanagustin kulturgunera joanda.

Euskal Herrian plaza gutxi izango dira Eganek zapaldu gabeak. 46 urteko ibilbidean herri eta auzo asko bisitatu ditu taldeak, eta betiko abestiak gogora ekartzeko asmoarekin, kontzertu berezia eskainiko dute zapatuan, Sanagustinen, 19:00etatik 21:00etara.

Iaz bete zituen 65 urte Xabier Saldiasek, eta oholtza gainean kantatzeari laga eta erretiroa hartuko zuela iragarri zuen arren, kontzertu bakan batzuk eskaintzen jarraitzen du oraindik ere: "Okasio bereziren bat bada eta Eganen kantak entzuteko malenkonia badute baten batzuk, prest gaude pare bat orduko kontzertua eskaintzeko, aurrez prestatutako eta guk nahi dugun errepertorioarekin. Oraindik ere herri askotatik deitzen digute, baina gure agente komertzialari esana diogu ez gaudela erromerietarako. Taldeko gainontzeko kideek beraien lana dute, eta guztia uztartzea zaila da askotan". Hala, Egan taldearen abesti esanguratsuenak entzuteko parada izango dute Sanagustinera bertaratzen direnek, besteak beste: Han Azpeitin, Hemen gaude gu, Lo ez Mexikon, Loiolan, ja! Ja!, Mexiko, Maitasun hitzak... Zapatuko emanaldian taldekide izan zuen Gonzalo Pelaez "goraipatu" nahi duela aurreratu du Saldiasek, eta horretarako Pelaezen bi abesti kantatuko ditu: Esan nizun maite zaitut eta Eutsi lagun. Horiez gain, beste hainbat ere kantatuko dituztela aurreratu du: "Pirritx eta Porrotx pailazoek Eganentzat egindako Ttirriki ttarraka, esaterako. Nire alaba ere oholtzan izango da, eta elkarrekin pare bat abesti kantatuko ditugu: bera jaio zenean Xabier Eguzkitzek letra egin zion eta abesti hura ekarriko dugu batetik, eta Frank Sinatrak bere alabarekin kantatzen zuena, bestetik".      

Euskal Telebistak antolatu du emanaldia, eta saioa grabatu egingo dute. Sarrera doan izango da, baina aurrez eskuratu behar dira gonbidapenak www.kulturaz.eus atarian edo Sanagustin kulturgunera joanda.