Azpeitira etorritako bisitarien kopuruak gora egin du Aste Santuan

Uztarria.eus 2017ko api. 20a, 17:12
Aste Santuan martxan egon den tren turistikoa. (Urola Turismo)

Azpeitiko Turismo Bulegoaren datuen arabera, iaz baino %25 bisitari gehiago izan da herrian Aste Santuko jai egunetan. Loiolara gerturatu diren turista kopurua ere %31 igo da iazko datuekin alderatuta. Ostatu eskaera, berriz, %10 igo da.

Iaz baino turista gehiago izan da Azpeitian Aste Santuan. Hala diote Azpeitiko Turismo Bulegoaren datuek. Ez dago zifra zehatzik, baina turista kopurua %25 inguru igo dela kalkulatu dute. Iaz, jai egun horietan ez zegoen turismo bulegorik Alde Zaharrean, eta aurten Plaza Txikiko turismo bulegoa zabalik egoteak bisitariak herrigunera gehiago hurbildu dituela uste dute Udalak zein turismo bulegoko arduradunek. Hori ez ezik, tren turistikoa martxan jartzeak ere eragina izan duela azpimarratu dute. 

Aste Santuan Azpeitira gerturatu diren turista gehienak Euskal Herriko hainbat txokotatik eta Espainiatik etorritakoak izan dira, Alde Zaharreko turismo bulegoaren arabera. Familiarekin edo adineko taldeetan etorri dira bisitari gehienak. Parrokia, Madalena, Igarako errota, Ingurugiro Museoa zein Burdinbidearen Euskal Museoa ezagutu dituzte Azpeitira etorri diren lagunek. 

Tren turistikoaren datuei dagokionez, ia 600 pertsona igo dira Alde Zaharra eta Loiola lotzeko garraiobide berrira, zapatuan treneko motorra matxuratu zen arte. Alaitz Aguado Plaza Txikiko turismo bulegoko arduradunak azaldu duenez, igandean "jende asko" gelditu zen trenera igotzeko gogoz, eta bertan ibili direnak "oso gustura" agertu dira eskaintza turistiko berriarekin. 

Alaitz Aguadok gidatu ditu tren turistikoaren bisitak, eta azaldu duenez, gehienak euskaraz egin ditu, baina gazteleraz ere egin ditu batzuk, Espainiatik etorritako turistentzat. Gainera, ingelesez ere aritu behar izan duela esan du Aguadok, atzerritik etorritako taldetxo bati Azpeitiaren inguruko azalpenak emateko. 

Herria bisitatu duten pertsonen kopuruak goraka egitearekin batera igo da ostatu eskaria ere. Hala, Aste Santuko jai egunetan, apirilaren 13tik 17ra, %10 igo da eskaria herriko hoteletan eta landetxeetan. Horrez gain, ostalaritza alorrean ere eskariaren gorakada egon dela nabarmendu dute Azpeitiko Turismo Bulegoak eta Udalak, eta bisitari mugimenduak "eragin ekonomiko positiboa" izan duela adierazi dute.

Loiolan ere bisitari gehiago

Alde Zaharrean ez ezik, Loiolan ere gora egin dute turismo datuek. Aurten, iaz baino %31 bisitari gehiago hurbildu da Loiolako Turismo Bulegora, 1.200 turista, hain zuzen. Horietatik, %32,5 Euskal Herriko txokoren batetik etorri da, %53,35 Espainiatik eta %15,16 atzerritik. Igandean, apirilaren 26an, "bereziki jende asko" egon zela nabarmendu du Oihana Aranbarri Loiolako Turismo Bulegoko arduradunak, eta Aste Santuko gainerako egunetan ere "mugimendu handia" egon dela azpimarratu du. Loiolara hurbildu den bisitari gehienak familian zein bikotearekin gerturatu direla azaldu du Aranbarrik. Hala ere, autobusetan adin guztietako turistak etorri direla nabarmendu du Loiolako Turismo Bulegoko arduradunak.