Asteburu beteko ospakizuna du aurretik Sammic ISBk

Uztarria.eus 2017ko api. 19a, 21:22

Zapatuan Zilarrezko LEB ligako azken partida jokatuko du Sammic ISBk etxean, eta ez da festa girorik faltako Azpeitiko kiroldegian. Iraurgi Saskibaloi Taldeak zapatukoa partida berezia izatea nahi du, eta horregatik sarrera doakoa izango da. Igandean, aldiz, Udalaren harrera jasoko du mailaz igo berri den taldeak.

Espainiako Urrezko LEB ligara igotzeko txartela eskuratu ostean, badu zer ospatua Sammic ISBk, eta horretarako tartea hartuko du Iraurgi Saskibaloi Taldeak datorren asteburuan.

Zilarrezko LEB ligako azken partida Azpeitiko kiroldegian jokatuko du Sammic-ek zapatuan, apirilaren 22an, Seguros Soliss Alcazar Basket (Ciudad Real) taldearen aurka, 20:00etan hasita. Ez da neurketa arrunta izango, ordea. Izan ere, herritarren, zaleen eta klubeko kideen babesean jasoko dute ligako garaikurra Iker Buenoren gidaritzapean egon diren mutilek.

19:00etan, ISBren tabernatik abiatuta, klubeko kideak txarangarekin kalejiran joango dira Kiroldegira, Sammic-ek Zilarrezko LEB ligan jokatuko duen azken partidara. Han ez da festa girorik faltako, eta, besteak beste, bertsolariak izango dira. Zapatukoa partida berezia izatea nahi du Iraurgi Saskibaloi Taldeak, eta horregatik norgehiagoka ikustera joateko sarrera doakoa izango da. Behin partida amaituta, Espainiako Kirol Federazioko ordezkariek ligako txapeldunaren garaikurra emango diote Sammic ISBko mutilei. 

Igandean Udalaren harrera

Zapatuko festa motz gelditzen bada, igandean jarraituko du ospakizunarekin Sammic ISBk. Azpeitiko Udalak harrera egingo dio taldeari 19:00etan udaletxean. Bertara kalejiran eta musikaz lagunduta joango dira Iker Buenoren mutilak, eta horretarako 18:30ean jarri dute hitzordua, ISBren tabernan.