Kultur sorkuntzarako eta nekazaritzarako ikastaroak, abiatzear

Uztarria.eus 2017ko api. 19a, 15:02

Kantugintza tailerra, argazkilaritza digitaleko edizioaren inguruko ikastaroa eta produktu fitosanitarioen aplikatzailearen oinarrizko tailerra eskainiko dituzte maiatzean zehar. Hiru ikastaroetan izena emateko epea apirilaren 28an amaituko da. 

Hiru ikastaro berri antolatu dituzte Kultur Mahaiak, Azpeitiko Argazki Elkarteak, Urkomek eta Udalak, maiatzerako. Alde batetik, kultur sorkuntzara begira bi ikastaro antolatu dituzte, kantugintza tailerra eta argazkilaritza digitaleko ediozoaren inguruko ikastaroa. Bestetik, produktu fitosanitarioen aplikatzailearen oinarrizko ikastaroa abiatuko dute, nekazari profesionalei zuzenduta.

Argazkilaritza digitaleko edizio tailerra maiatzaren 8an hasi eta 12ra bitartean eskainiko dute, 18:00etatik 20:00etara, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan. Bertan, argazkilaritza digitalaren edizioaren oinarrizko kontzeptu teoriko eta teknika praktikoak azalduko ditu Esther Gamito argazkilari eta diseinatzaile grafikoak. Izena ematen duten herritarrek tonua, kolorea, argitasuna, tenperatura, kontrastea, mailak, kurbak eta mozketa eta konposaketa landuko dituzte, besteak beste. Saioak praktikoak izango dira eta irakasleak azalpenak ematen dituen bitartean, ikasleek beren ordenagailuetan adibideak landuko dituzte. Azpeitian erroldatuta dauden pertsonek 15 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta gainerakoek 18,75 euro.

Gure imajinarioa kantugintzaren bitartez ikastaroa, berriz, Rafa Ruedak eta Gotzon Barandiaranek eskainiko dute. Bertan, zenbait kantari eta musika taldek kantuetarako erabili dituzten testuak eta kantari eta poeten arteko harremanak aztertuko dituzte. Hala, idazleak, musikariak, testuingurua eta ondorioak aztertuko dituzte. Saioak maiatzaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Dinamoan. Azpeitian erroldatuta daudenek 18 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta 22,5 euro gainerakoek.

Kultur arloko ikastaroez gain, beste tailer bat antolatu dute Urkomek eta Udalak: produktu fitosanitarioen aplikatzailearen oinarrizko ikastaroa. Nekazari profesionalei zuzendutako eskolak izango dira, eta nekazaritza-txartela dutenek edo produktu fitosanitarioak lanean erabiltzen dituztenek hartu ahal izango dute parte bertan. Asistentziak %90koa izan beharko du, eta ikastaroa amaitzean parte-hartzaileek azterketa egingo dute. Saioak maiatzaren 15ean, 16an, 17an, 18an, 22an eta 23an eskainiko dituzte, Sindikatu Zaharreko 1 solairuan, 15:00etatik 19:00etara.

Izen-ematea zabalik

Dagoeneko zabalik dago hiru ikastaroetan izena emateko epea, eta apirilaren 28a izango da horretarako azken eguna. Kultur arloko bi ikastaroetako izen-ematea ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita, 943-15 71 92 telefonora deituta edo Gizarte Zerbitzuetara joanda egin daiteke. Produktu fitosanitarioen aplikatzailearen ikastaroan izena emateko, aldiz, 943- 69 21 66 zenbakira deitu (Fraisoroko eskola) edota fpefraisoro@hazi.eus emailera idatzi behar da.