GRAVNI txapelketako finalaurrekoa jokatuko dute Oier Alkortak eta Eneko Martijak zapatuan

Uztarria.eus 2017ko api. 19a, 12:14

Gipuzkoako Federazioak aukeratu du Azpeitiko bikotea, jubenil mailako gomazko palako lehian aritzeko. Nafarren aurka jokatuko dute finalaurrekoa, Basauriko kiroldegian. 

Azken txanpara iritsi da GRAVNIa, Euskal Herriko eta Errioxako pilota federazioen arteko txapelketa, eta datorren zapatuan, apirilaren 22an, finalaurrekoa jokatuko dute Oier Alkorta eta Eneko Martija azpeitiarrek. Hitzordua Basauriko kiroldegian dute, 10:00etan, eta nafarrak izango dituzte parez pare.

Gipuzkoako Federazioak aukeratu du Azpeitiko bikotea, jubenil mailako gomazko palako lehian aritzeko; iaz ere jokatu zuten sariketa hori. Aurten, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pilotariek jokatuko dute gomazko pala txapelketa.

Joan den martxoan Kluben Arteko Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuten Alkortak eta Martijak bigarren urtez jarraian. Sariketa hori irabazi ostean, GRAVNIa prestatzen aritu da bikote azpeitiarra.