Azpeitiarrez, naturaltasunez

Gipuzkoako Hitza 2017ko api. 18a, 14:22
GarbiƱe Bereziartua eta Eneritz Albizu Natuleko kideak. (Julene Frantzesena)

Azpeitian erabiltzen diren esapideak eta hitzak biltzen ari da Natul euskara taldea. Jasotako ekarpen batzuk ikusgai daude jada azpeitiarreznatul.weebly.com atarian. Gipuzkoako Hitza-n proiektuaren gaineko erreportajea argitaratu dute.

Natula al haiz? esapidea aski erabilia da Azpeitian. Horren erakusle da euskara taldeari Natul izena jarri izana eta talde horrek azpeitiarrez hitz egitean erabiltzen diren hitzak eta esapideak biltzeko egitasmoari Azpeitiarrez Natul deitu izana. Natuleko kideak joan den abenduaz geroztik ari dira egiten bilketa lan hori, eta Garbiñe Bereziartua (Azpeitia, 1977) eta Eneritz Albizu (Azpeitia, 1992) "oso gustura" daude egitasmoak orain arte izan duen erantzunarekin.

Azpeitian orain arte egiteke zegoen lan bat gauzatzen ari dira euskara elkarteko kideak, nahiz eta Azpeitiarrez Natul gisako egitasmoak beste herri batzuetan egin izan dituzten. Dagoeneko, berrehundik gora ekarpen jarri dituzte ikusgai webgunean, baina Bereziartuak azaldu du askoz gehiago bildu dituztela. Natuleko kideak "harrituta eta gustura" daude herritarren erantzunarekin. "Adin tarte guztietako herritarrek parte hartu dute; aniztasuna nabari da", azaldu du Albizuk.

Egitasmoa askotan herritarren artean hizketagai bilakatu izanak ere poztu egin ditu Natuleko kideak. "Duen balio hori eman nahi izan diogu hizkuntzari, eta lortu dugu helburua. Kritikak ere jaso ditugu, baina gustura entzun ditugu horiek ere. Halere, gu ez gara hizkuntzalariak; kaleko hizkuntza leku batean bildu nahi izan dugu, modu xumean", adierazi du Albizuk. Bereziartuak ere ildo beretik hitz egin du, eta, haren hitzetan, "modu kontzientean" ari dira bilketa horrela egiten. "Bi ikuspuntu kontuan hartuta egin daiteke horrelako lan bat: hizkuntzalaritzaren ikuspuntu zuzen nahiz zorrotzetik, edo herritarren ekarpenetatik". Bereziartuak azaldu du eurek "modu herrikoian" egin nahi izan dutela bilketa. "Eta lan honek bide eman diezaioke beste maila bateko lanen bati. Kontziente gara egiten ari garen lanak dituen mugez, baina baita izan ditzakeen onurez ere".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.